Azkoitia-Azpeitia Euskal Herriko maratoi erdi onena izan da aurten ere Espainiako Atletismo Federazioarentzat. Urtero egiten du federazio horrek espainiar estatuan egiten diren lasterketen sailkapena eta, Diego Garciaren omenez udaberriro egiten den maratoi erdiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, gaur bertan jaso dute 2016ari dagokion sailkapena.
Espainiako Atletismo Federazioaren sailkapen orokorrean, espainiar estatuan aurten egin diren maratoi erdi guztiak hartzen dituena, seigarren tokian kokatu da Azkoitia-Azpeitia; sailkapen berean, Hego Euskal Herrian egin diren 21,0975 kilometroko lasterketen artean lehen postuan ageri da.
All Athletics nazioarteko sailkapenaren berri ere eman dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek. Mundu osoan 10 eta 42 kilometro arteko distantzietan egiten diren atletismo lasterketa guztiak hartzen ditu kontuan All Athletics-en sailkapenak eta, hor, Azkoitia-Azpeitia 61. tokian agertu da aurten, gizonezkoen lasterketa bakarrik kontuan hartuta.
2017an 24. edizioa beteko du Azkoitia eta Azpeitia artekoak eta apirilaren 1ean izango da.