Aurten pozik eta itxaropentsu natorkizu, petralkeriak albo batera utzita. Prezio berean bizitzaren alde politari begiratzea hobe! Orain gutxi, hala esan zidan lagun batek: "Guri loteria ez, guretzat arazoak eta miseriak". Eta nire burua entzun berri nuenari bueltaka hasi zen. Loteria? Arazoak? Ez ote da gure arazorik handiena dugunari benetako balioa emateko gai ez garela? Zer loteria hobea jaio garen tokian jaiotzea baino? Pentsa, Paristik datorren zikoinak norabidez okertu eta hegoaldera beste 1.500 kilometro egin balitu. Zu zeu izango zinateke, agian udako kolorea indartuta, baina zure bizitza arras gordinagoa litzateke. Jaio garen tokian jaiotzea da izan dezakegun loteria ederrena.
Beste datu bat, latza: jaio garen tokian jaio garelako munduko aberatsenak adina dugu. Urbieta, galanta bota duk. Pentsatu ondo. CR7 guzti ahaldunak zer du guk ez duguna. Duena gurea baino hobea edo garestiagoa da, baina guk berak duen guztia izateko aukera dugu. Pentsa ondo. Eta mokotik zintzilik joan eta norabidez okertu balitz, zer jan ere ez genuke izango. Hori bai miseria.
Pentsatu ondo, Uztarriaren herrian jaiota loteria zenbaterainokoa den. Zikoinak mendebaldera lau kilometroko akatsa egin izan balu, bai, egia da, loteria tokatuko zitzaigun, baina gordoaren ordez pedrea. Beraz, dugunari bere balioa emateko gai izan gaitezela. Urkoaren ezak ez du nire mina gozatuko, baina neurgailu egokiak bizitza hobeto ulertzen lagunduko dit. Ez ahaztu, Uztarriak lotutakoa ez dezala txapa honek banandu.
(187. Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia).