Egurra ta Kitto ska-punk taldeak Gure ordua disko berriko Lau klabelin gorri kantuaren bideoklipa kaleratu du gaur, ostirala.
Pasaiako segadako gertakariak oinarri dituen kantua da Lau klabelin gorri, eta gertaerak gogoratzeaz gain, "justizia eskatzeko aldarri bat" dela azaldu dute taldeko kideek. Bideokliparen ekoizpenaz Pasaiako Badia dokumentalaren egileak arduratu dira, Erik Aznal, Yuri Agirre eta Xabier Otamendi, hain zuzen.
Lau klabelin gorri abestian Xagu, Iheskide taldeko kidearen kolaborazioa izan dute. Baina ez da disko berria osatzen lagundu dieten bakarra. Izan ere, Bad Sound Systemeko Moro, Huntza taldeko Josune eta Felipe Murillo musikariaren kolaborazioak ere izan dituzte.
Taldearen laugarren diskoa da Gure ordua, eta grabaketa lanak Zestoako Gaztain Estudioaken egin dituzte, Eñaut Gaztañaga teknikariaren gidaritzapean. Disko berriaren zuzeneko aurkezpena, berriz, Ahotsenean egingo dute, abenduaren 5ean, 17:30ean hasita.
Aste honetan bertan, Gure ordua diskoko Aske edo loturik abestia ere sarean jarri dute entzungai.