"Hondakinen kudeaketa zentzuzko bat" aldarrikatu dute ehundaka lagunek

Uztarria.eus 2016ko azaroaren 19a

Manifestazioaren burua, Artzubiko zubirantz jaisten. (Ihintza Elustondo)

Lapatx itxi, errausketarik ez. Birziklatu eta berrerabili leloarekin manifestazio jendetsua egin dute arratsean, Elkar-ekinek eta Lapatxeko eta Elosiagako bizilagunek deituta. Lapatxen itxiera "berri pozgarria" dela esan dute amaieran, "baina gaur arte hona zetorren zabor guztia beste herri batzuetara joango da aurrerantzean, eta erraustegiaren kasuan genion bezala, ez dugu beste inorentzat nahi guretzat nahi ez duguna".

"Txikitik eragitea dagokigu guri, herritik hasita bestelako gizarte eredu bat egiten joatea". Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazako kioskoan Lapatx itxi, errausketarik ez. Birziklatu eta berrerabili leloarekin zapatu arratsean egin den manifestazioaren amaieran irakurri duten adierazpenean jasotako ideietako bat da hori. Ehundaka lagunek egin dute bat Elkar-ekinek eta Lapatxeko eta Elosiagako bizilagunek deitutako mobiliazioarekin, funtsean "hondakinen kudeaketa zentzuzko bat" aldarrikatzeko.

Plazatik abiatu da manifestazioa 18:40ak aldera. Deialdiaren leloa zeraman pankartaren atzetik, Zubietatik etorritako bizilagunena jarri dute, Zubietarrok erraustegiari ez zioena. Errausketaren kontrako oihuak izan dira, hain zuzen ere, plazatik Sanjuandegira bitartean ozenen entzun direnak. Errauskailua irudikatzen zuen karroza txiki bat ere eraman dute manifestari batzuek, alde batean Zuen diru gosea gure mixeria idatzita zuena; Zuen negozioa gure mixeria. Ez hemen, ez inun leloarekin pankarta ere zabaldu dute Sanjuandegiko plazan.

Antolatzaileen izenean amaieran irakurri duten adierazpenean ere kritiko azaldu dira errausketaren eredua, besteak beste, bultzatzen dutenekin: "Lurra eta bizitza erdigunean jarri nahi ditugunak gara hondakinen kudeaketa zentzuzko bat aldarrikatzen dugunak. Ikusi besterik ez dago errauskailua egiteko lehian dabiltzan enpresen izenak, baita horien kontrolpean dabiltzan komunikabideak zein diren ere. Botere handia dute haiek, baina gu ez gaude belauniko".

Aste honetan azaroaren 30erako iragarri dute Lapatxen itxiera eta hori "berri pozgarria" dela esan dute, "baina gaur arte hona zetorren zabor guztia beste herri batzuetara joango da aurrerantzean, eta erraustegiaren kasuan genion bezala, ez dugu beste inorentzat nahi guretzat nahi ez duguna". Manifestazioaren deitzaileentzat, izan ere, "hondakin gutxiago sortzea, berrerabilera eta birziklapena" izango dira aurrerantzean ere gakoak. Horrela, datorren urtean Azpeitian ezarriko den bilketa eredu berriak beste herri batzutan eman dituen emaitza onetara iristeko, "herritarren inplikazioa eta parte-hartzea" beharrezko ikusten dituzte, "denok gure aletxoa jarrita soilik lortuko ditugu emaitza onak".

Errauskailuaren aurkako mobilizazioa indartzea ere aldarrikatu dute manifestazio amaierako adierazpenean; horren adibide bezala, gaur zortzi Gurasos elkarteak deituta Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.

Adierazpen osoa

"Arratsalde on gaurko manifestaziora hurbildu zareten herritar guztioi.

Kontsumoaren gizartea bizitza maila onari loturik saldu izan digute, baina bere ondorioak bueltan etortzen ari zaizkigu, klima aldaketaren errealitateak erakusten digun bezala. Hondakinen gehiegizko sorrera eta kudeaketa desegokia dira klima aldaketaren arrazoietako bat, beste zenbaiten artean. Etenik ez duen ekoizpenak eta ekonomia hazi beharrak natura baliabideen ustiapena izan du ordainetan. Hainbeste hazi beharrarekin, mundua txikitzen ari gara. Zer utzi nahi diegu gure ondorengoei?

Testuinguru horretan ulertu behar da, gure ustez, hondakinen kudeaketari dagokion eztabaida. Eztabaida horren harira, zurrunbilo izugarria ezagutu dugu Gipuzkoan azken urteotan. Argudio teknikoak eta inposaketak aipatu dituzte hondakinak erre arteko onik ez duten politikari, enpresari eta komunikabide handiek.

Gure ustez, gizarte ereduen arteko talka dago eztabaida horren jatorrian. Alde batean daude kapitala metatzea helburu nagusi dutenak, horretarako natura ustiatu eta pertsonen osasunari kalteak eragiteko erreparorik ez duten horiek. Lurra eta bizitza erdigunean jarri nahi ditugunak gara hondakinen kudeaketa zentzuzko bat aldarrikatzen dugunak.

Ikusi besterik ez dago errauskailua egiteko lehian dabiltzan enpresen izenak, baita horien kontrolpean dabiltzan komunikabideak zein diren ere.

Botere handia dute haiek, baina gu ez gaude belauniko.

Txikitik eragitea dagokigu guri, herritik hasita bestelako gizarte eredu bat egiten joatea.

Lapatxen itxieraren berri pozgarria izan dugu aste honetan. Urte luzez jasan behar izan ditugu azpeitiarrok zabortegi horren eraginak, modu berezian Lapatx eta Elosiaga inguruko bizilagunek. Berri ona da, zalantzarik gabe, hobeto biziko baikara Azpeitian. Baina gaur arte hona zetorren zabor guztia beste herri batzuetara joango da aurrerantzean, eta erraustegiaren kasuan genion bezala, ez dugu beste inorentzat nahi guretzat nahi izan ez duguna.

Hondakin gutxiago sortzea, berrerabilera eta birziklapena. Horiek dira, gure ustez, hondakinen zentzuzko kudeaketa baten oinarri nagusiak. Herritik bertatik hasita, badugu zereginik. Laster jartzekoak diren sistemak %80tik gorako birziklatze tasak lortu ditu inguruko hainbat herritan. Baina adi, sistema berria ezartzea ez da nahikoa izango tasa horietara iristeko. Beharrezkoa izango da herritarren inplikazioa eta parte-hartzea prozesu guzti horretan. Horretaz gain, berrerabilpena bultzatzen duten proiektuak eta auzokonposta bezalako praktikak indartzea garrantzitsua izango da aurrerantzean ere. Denok gure aletxoa jarrita soilik lortuko ditugu emaitza onak. Horrekin batera, errauskailuaren aurkako mobilizazioa eta gizarte presioa areagotzea ere beharrezkoa ikusten dugu. Zentzu horretan, datorren larunbatean Gurasos elkarteak antolatu duen manifestazioan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dugu hemendik.

Elkar-ekinetik eta Lapatx-Elosiagako bizilagunen aldetik eskerrak eman nahi dizkizuegu gaur arteko ekimenetan parte hartu duzuen herritar guztioi. Asko izan zarete, modu batera edo bestera, gai hau kalean egon zedin zuen ekarpena egin duzuenak.

Honekin amaituko dugu gaurkoz, baina kalean ikusiko gara aurrerantzean ere.

Asteburu on guztioi".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide