Bihar amaituko da ekonomia zirkularraren gaineko hiri-argazkilaritza tailerrean izena emateko epea

Uztarria.eus 2016ko azaroaren 21a

Ikastaroa Udalak antolatu du Azpeitiko Argazki Elkartearekin elkarlanean, eta David Hornback argazkilari estatubatuarrak hartuko du parte. Tailerra doakoa da, baina aurrez eman behar da izena.

Bihar, asteartea, izango da Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak elkarlanean antolatutako street photography edo hiri-argazkilaritza tailerrean izena emateko azken eguna. Tailerra asteburuan egingo dute, azaroaren 26an eta 27an, baina aurrez eman behar da izena. Horretarako bi aukera daude: 687834589 telefonora deituta edo ingurumena@azpeitia.eus helbidera idatzita. Ikastaroa doan izango da.

Azpeitia eta ekonomia zirkularra da tailerrean landuko duten gaia eta hiri-argazkilaritzan aditua den David Hornback (Los Angeles, AEB, 1962) argazkilariak hartuko du parte egitasmoan. San Jose Mercury News-eko lankideekin batera, Pulitzer saria jaso zuen Hornbackek 1990. urtean, San Frantziskoko Loma Prietako lurrikararen gainean egindako erreportajeari esker. National Geographic, GEO, Time, New York Times eta Stern bezalako hedabideentzat ere egin du lan, besteak beste.

Hilaren 26an eta 27an, goizez izango dira tailerreko bi saioak, 09:30etik 13:30era, argazki elkartearen egoitzan (Perez Arregi plaza, 1). Lehenengo saioan, zapatuan, hiri-argazkilaritzaren oinarriak jasoko dituzte tailerreko partaideek hasieran; ondoren, Azpeitian ekonomia zirkularra zertan den ere azalduko diete; eta, azalpenen ostean, parte-hartzaileak argazkiak ateratzera joango dira. Igandean, aldiz, partaide bakoitzak bezperan ateratako bizpahiru argazki ikuskatu eta komentatuko dituzte aurrena, eta ondoren argazkiak egitera irtengo dira herriko txoko ezberdinetara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide