Mikel Agirre: "Mugak jartzea ondo dago, gehiegizko kontrolean erori gabe"

Gipuzkoako Hitza 2016ko azaroaren 21a

Interneten eta sare sozialen erabilerak hezitzaileengan —irakasle eta gurasoengan— sortzen dituen kezkei erantzun nahian, egitasmo bat abiatu dute Azpeitian eta Azkoitian. Bi herri horietako ikastetxe guztiek eta Ementic Eusko Jaurlaritzak Internet segurua sustatzeko duen zerbitzuak gaiaren inguruko jardunaldi batzuk antolatu dituzte Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleentzat, hezitzaileentzat eta gurasoentzat. 

Mikel Agirre Ementiceko kidea arduratu da saio horiek gidatzeaz, eta oso balorazio baikorra egin du orain artekoaren inguruan. Gazteekin Interneten eta sare sozialen erabilerak dituen arriskuez eta aukerez jardun dela azaldu du, eta hezitzaileekin, teknologia berriek hezkuntza esparruan ematen dituzten aukerak ere aztertu dituela. Datozen egunetan hainbat hitzaldi emango dituzte Azpeitian eta Azkoitian, batez ere gurasoei begira. Azpeitian bihar, asteartea, eskainiko dute aurreneko saioa: Internet: aukerak eta arriskuak hitzaldia.

LH-4ko gazteekin jardun zara lanean. Adin horretako gazteek teknologia berriak erabiltzen dituzte, baina hasita al daude sare sozialak erabiltzen ere? Jabetzen al dira zer arrisku dituzten?

9 urterekin, oro har, hasiak dira mundu honetan murgiltzen. Haiekin hizketan hasi orduko ohartu gara batzuek gaia landuta dutela eta besteek ez. Gaur egungo haurrek eta gazteek berehala hartzen dituzte gaitasun teknikoak, baina ikusi dugu erreminta horiek erabiltzeko eta lantzeko garaian hutsune etiko argi bat dutela. Badakite Whatsapp eta sare sozialak erabiltzen, baina erreminta horien erabilerak eragin ditzakeen egoera gatazkatsuen inguruan hutsune asko ikusi ditugu. Nik planteatu arte ez zeuden konturatuta hainbat arrisku egoeraz. Egia da gaitasun teknikoak izatea inportantea dela, erreminta maneiatzeko ezinbestekoa dela, baina hori bezain garrantzitsua iruditzen zaigu etikoki horrek zer esan nahi duen jakitea: zer ondorio izan ditzakeen talde batean norbait baztertzeak, norbaiten argazki pribatuak zabaltzeak, norbaiti iseka egiteak… Horretan gabezia nabarmenak antzeman ditugu.

Nola landu dituzue gai horiek?

Bi orduko hiru saio egin ditugu talde bakoitzarekin. Lehenengo bi saioetan, batez ere sare sozialen eta Interneten inguruko etika hori landu dugu, zer dagoen ondo eta zer gaizki, eta ekintza bakoitzak zer ondorio eta arrisku izan ditzakeen erakutsi diegu. Konturatu gara, baita ere, ziberbullying kasuetan-eta oinarrian dagoena heziketa falta dela. Guk gure egunerokoan, auzoko plazan, oso garrantzitsutzat dugu balio batzuen transmisioa, eta sare sozialen erabileran hori falta zaie gazteei.

Elkarrizketa osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide