Iñaki Odriozola hirugarrena izan da Gipuzkoako 3. mailako eskualdeko Xake Txapelketan

Uztarria.eus 2016ko azaroaren 21a

Azpeitian jokatu da txapelketa. Joan den zapatuan izan zuten bosgarren eta azken jardunaldian erabaki zen podiuma: Markel Kerexeta (Elgoibar) izan da irabazlea eta Oier Etxebeste (Arrasate) bigarrena.

Gipuzkoako 3. mailako Xake Txapelketaren eskualdeko sailkapena joan den zapatuan erabaki zen. Azpeitian, Baigera I-eko laugarren solairuan, jokatu dituzte eskualdeko txapelketa horren bost jardunaldiak. Urriaren 15ean hasi zen txapelketa eta, Azpeitiko jokalariez gain, Azkoitia, Arrasate, Aretxabaleta eta Elgoibarkoak aritu dira lehian; 14 xakelari, guztira.

Zapatuko bosgarren eta azken jardunaldian erabaki zen podiuma eta bertan sartzea lortu zuen Iñaki Uranga Odriozola azpeitiarrak, hirugarren postuan sailkatuta. Txapelduna Elgoibarko Markel Kerexeta izan zen, eta Oier Etxebeste arrasatearrarentzat izan zen bigarren tokia.

Azkeneko txandan, Juan Carlos Fernandez (azken sailkapenean, 6.), Aitor Elustondo (5.) eta Daniel Veselinov (8.) azpeitiarrek euren partidak irabazi zituzten; eta Aner Alonsok (12.), Gorka Urangak (13.) eta Luis Andoni Lazkanok (14.), aldiz, galdu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide