Ia hiru urteko lanak eman du bere fruitua, eta datorren zapatuan, azaroaren 26an, Miren Odriozolaren (Azpeitia, 1944) bizipenak jasotzen dituen Laura esaten zioten liburua aurkeztuko dute Sanagustin kulturgunean, 12:00etan hasita.
Liburua Txalaparta argitaletxeak eta Emaginek elkarlanean argitaratu dute, eta narrazioaren ardatza El Salvadorren bizitako gertakizunak badira ere, noizean behin irakurlea Euskal Herrira begira jarriko da, liburuaren protagonistak hemen izandako borrokak ere ezagutzeko. Izan ere, borroka feministaren parte izateaz gain, Udalbiltza kasuko epaituetako bat izan zen Odriozola.
Leire Ibargurenek (Azpeitia, 1979) idatzi du liburua, eta 2014an El Salvadorrera bidaiatu zuen horretarako. Han Odriozolarekin gerran ibilitako hainbat lagun elkarrizketatu zituen Ibargurenek. Izan ere, 80. eta 90. hamarkadetan El Salvadorreko gerrako frontean egin zuen lan Odriozolak, osasunaren arloan.
Politikarekiko zituen uste sendoek bultzatu zuten Odriozola munduan zehar bidaiatzera. Izan ere, El Salvadorrera lehenengo aldiz joan aurretik, ez zuen inongo loturarik herrialdearekin; ezta bertara joateko asmorik ere. "Garai hartan, asko hitz egiten genuen Kubako iraultzaz. Kubako sozialismoa ezagutzea nahi izan nuen hasieran, baina oso zaila zen hara joatea", azaldu du Miren Odriozolak.
Lana eginez gozatu
Liburua idaztea "plazer bat" izan dela adierazi du Leire Ibargurenek, eta lanean ere ondo pasatu duela: "Esperientzia ederra izan da, plazer bat. Horrez gain, azpimarratzekoa da Mirenek erakutsi didan babesa eta konfiantza".
El Salvadorrera bidaia Aitziber Martinez lagunarekin egin zuen, nahiz eta liburua berak idatzi duen osorik. Guztira 23 elkarrizketa inguru egin ditu idazleak liburua osatzeko, hilabeteetako dokumentazio lanaz gain. Elkarrizketak transkribatzen lau hilabete inguru eman zituen, eta beste urtebete liburua idazten. Adierazpenak jasotzea oso hunkigarria izan zela dio Ibargurenek: "Gerraren gordintasunaz gain, internazionalisten harremanak elkartasunean oinarritzen zirela ikusi dugu. Bestalde, Miren zenbat estimatzen zuten ikusteak hunkintu gintuen".
Zapatukoa herriko emakume baten bizitza ezagutzeko aukera dela esan du Ibargurenek: "Bizi eredu ezberdinak izan dituzten herritarren pasarteen berri izatea eta horiek ezagutzea jarrantzitsua da. Horrez gain, halako proiektuak babesteko herritarrak aurkezpenera gerturatzea garrantzitsua da".
Txalaparta argitaletxearen hitzetan ,"Laura esaten zioten liburua bizitza eta mundu osoa borroka-zelai izan duen emakume baten biografia da".
Miren Odriozolaren bizitzaren inguruko erreportajea argitaratu zuen Uztarriak, aldizkariaren 188. zenbakian.