Azpeitiko eskalatzaileek urtarrilaren 14an Bilbora joateko deia egin dute

Zapatuan IX. Euskal Presoak Euskal Harrietara boulder txapelketan ateratako argazkia.

Datozen asteetan herriko eragileen babesa bilatuko du Azpeitiko Sarek urtarrilaren 14ko manifestaziora begira, "kontzientziak astindu eta gure herriaren ekarpena zehazteko".

Urteroko hitzordua gainean dugu, eta urtero bezala euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenekin beteko ditugu Bilboko kaleak urtarrilaren 14an Bilboko La Casillatik abiatuko den manifestazioan. Mobilizazioa jendetsua eta anitza izatearen garrantzia azpimarratu beharra dago, gure mezua lau haizeetara indar handiagoarekin zabal dadin.

Une honetan, preso kopuruak behera egin duen arren, presoen egoerak ez du hobera egin. Esaterako, preso gaixo gehiago ditugu ziegetan, 11 preso gaixotasun larri eta sendaezinekin eta pasa den asteburuen Huelvako espetxetik bueltan zirela istripu berria izan dute senide eta lagunek. Azpeitiko Sare Herritarra datozen asteetan Azpeitiko talde eta eragileekin jarriko da harremanetan, urtarrileko manifestazioa erraldoi bihurtzeko bidean babesak jaso, kontzientziak astindu eta gure herriaren ekarpena zehazteko.

Dagoeneko aurreneko atxikimendua jaso du Azpeitiko Sarek, eta joan zen zapatuan, azaroaren 19an, herriko hainbat eskalatzailek argazki bat atera zuten euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioari babesa erakusteko. Urtero bezala, Azpeitiko Sare Herritarrak apustu handia egingo du Bilboko manifestaziora begira, eta gogotik egingo du lan, urtarrilaren 14ko marean ahalik eta herritar gehien bustitzeko helburuarekin.

Azpeitiarrok ere salatzen dugulako, Bilbon ikusiko gara. Euskal Presoak Euskal Herrira!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide