Feminismoaz hausnartuko dute gaur Sindikatu Zaharrean, Azpeitiko Gazte Mugimenduaren Topaketen baitan

Uztarria.eus 2016ko aza. 22a, 14:43

Feminismoa saretuz jardunaldiaren aurreneko saioa egingo dute gaur, 18:00etan hasita. Genero rolen inguruan, maitasunaz zein harremanez hitz egingo dute, besteak beste. 

Joan den azaroaren 12an eman zioten hasiera Azpeitiko Ernaik antolatutako Azpeitiko Gazte Mugimenduaren Topaketei, eta gaur, asteartea, bigarren saioa egingo dute. Feminismoa izango dute hizpide, Feminismoa saretuz izenburupean egingo duten saioan, 18:00etan hasita, Sindikatu Zaharrean.

Aurrena bideo bat ikusiko dute, Azpeitian borroka feministaren ibilbidearen ingurukoa. Ondoren, genero rolen inguruan eztabaidatuko dutela aurreratu dute Azpeitiko Ernaiko kideek: "Gure gorputzez eta izaten ditugun harremanez hitz egingo dugu, baita maitasunaz ere". Horrez gain, egunerokotasunean genero rolek gazte mugimenduan nola ematen diren eztabaidatuko dute, eta Azpeitian feminismoa saretzea behar den edo ez, eta behar izatekotan saretzea nola eman beharko luketen hausnartuko dutela adierazi dute Ernaiko kideek.

Azpeitiko Ernaik dei egin die gaiaz ezatabidatu eta alternatibak eraiki nahi dituzten herritarrei jardunaldietan parte har dezaten. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide