Azpeitiko Ezker Abertzaleak kotxeak antolatu ditu zapatuan Altsasuko manifestazio isilera joateko

Azpeitiko Sortuk eta Ernaik antolatu dituzte Altsasura joateko kotxeak. Antolatzaileek izen-ematea aurrez egitea komeni dela adierazi dute, antolakuntza lanak errazteko 

Zapatuan, azaroak 26, Altsasun egingo den manifestazio isilera joateko kotxeak antolatu ditu Azpeitiko Ezker Abertzaleak. Hitzordua 11:30ean izango da Orkatzen, eta izen-ematea aurrez egin behar da, antolakuntza lanak errazteko.

Manifestazioa Altsasuko Udalak, espetxeratutako gazteen familiak eta Altsasuz Harro taldeak elkarlanean antolatu dute, eta babes handia lortzen ari da. Izan ere, hainbat eragile sozialek, alderdi politikok eta Nafarroako Gobernuak mobilizazioan parte hartzeko asmoa adierazi dute.

Urriaren 15ean Altsasuko taberna batean bi guardi zibilekin izandako liskar baten ondorioz, zazpi gazte baldintzarik gabe espetxeratu dituzte. Terrorismo delitua egotzi zaie, eta modu horretan 10 eta 15 urte arteko zigorraren mehatxupean daude.

Azpeitiko Ezker Abertzaletik elkartasuna erakutsi nahi diete espetxeratutako gazteei eta horien gertukoei. Horrez gain, azpeitiarrei dei egin diete konponbide demokratikoaren aurkako eraso larri honi erantzun bat ematera. Guardia Zibilak Euskal Herrian ez duelako tokirik, alde hemendik!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide