Banatu dituzte 'Gure inguruari begirada bat' argazki lehiaketako sariak

Uztarria.eus 2016ko azaroaren 28a

XV. Gure Inguruari Begirada Bat lehiaketako irabazleak, joan den ostiraleko sari-banaketan. (Azpeitiko Udala)

Javier Bastida eta Juan Carlos del Pozo izan dira saritu nagusiak, eta biek leku berean, Lasaon, ateratako argazkiarekin irabazi dute lehiaketa. Azpeitia jasangarritasunera bidean zen lehiaketako aurtengo gai, eta bi modalitate izan ditu: mezu positiboarena eta salaketarena.

XV. Gure Inguruari Begirada Bat lehiaketaren sari-banaketa egin zuten joan den ostiralean, azaroaren 25ean. Aurtengo gaia Azpeitia jasangarritasunera bidean zen, eta bi modalitatetan banatu da: mezu positiboarena eta mezu negatiboarena. Modalitate horietako saritu nagusiak leku berean ateratako argazkiarekin irabazi dute lehiaketa, Lasaon ateratako irudi banarekin, hain zuzen. 

Mezu positiboaren sari berezia, Juan Carlos del Pozok jaso du, Lasaon Urola Ibaiari ateratako argazkiarekin. Paisaia ederra ikusten da irudian. Modalitate bereko beste hiru sarituak Iñaki Etxenagusia, Igor Froilan eta Alberto Beloki izan dira. 

Ingurumenaren alde negatiboa erakusten zuten argazkietan, berriz, sari berezia Javier Bastidak jaso du. Horrek ere Lasaon Urola ibaiaren ertzean ateratako argazki batekin irabazi du, baina kasu horretan zaborra ageri zen ibaiertzean. Mezu negatiboaren modalitateko beste hiru sarituak Jexux Artola, Iñaki Aranburu eta Angel Olabarria izan dira. 

Lehiaketa indartzeko nahia

Aitor Bereziartua Azpeitiko Ingurumen zinegotziak azaldu zuenez, 11 parte-hartzaile izan dira aurtengo edizioan. Uste baino gutxiago. Horregatik, datorren urtera begira lehiaketa indartzeko hausnarketa bat egingo dutela azaldu zuen Bereziartuak, eta Udalean herritarren proposamenak jasotzeko prest daudela azpimarratu zuen. 

Lehiaketara aurkeztutako argazkiekin erakusketa zabaldu dute Betharrametako aretoan. Abenduaren 10era arte egongo da zabalik, astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta asteburu eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide