Azpeitiko Kultur Mahaiak batzarra egingo du datorren zapatuan, abenduak 3, 10:00etan, Dinamoan. Sormen gunearen proiektua aurkeztuko dute martxan jarri berri den Soreasuko espazioan.
Sormen gunearen proiektua osatzeko prozesuaren nondik norakoa azalduko dute Kultur Mahaiko talde eragileko kideek batzarrean, besteak beste, uztailean aurkeztu zen proiektua gogoraraziz. Horrekin batera, martxan jarri berri den sormen guneko espazioa, bertako asmoak eta aurrera begirako erronkak ere izango dituzte mintzagai.
2015eko udazkenetik hona sormen gunearen proiektua lantzen ari da Azpeitiko Kultur Mahaia Udalarekin elkarlanean. Parte hartzea izan du oinarri prozesu horrek, eta hainbat batzar ireki eta bilera egin dituzte urtebetean. Oraingoan, Kultur Mahaiko batzarra egingo dute Dinamoan bertan, baina Kultur Mahaiko bazkideez gain, interesa duen edonor gonbidatuta dago bertan parte hartzera.