Azpeitiko merkatarien Gabonetako kanpaina, abian

Gabonetako zozketa, erakusleiho lehiaketa, erosketa bonoen salmenta, eta umeentzako jolas parkea antolatu dituzte, besteak beste. Horrez gain, Gabonetako kaleko argien kontratrazioan ere lagundu du Bertanek.

Martxan da Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkartearen Gabonetako kanpaina. Urteko garai honetan, adin ezberdinei zuzendutako hainbat ekintza egingo dituzte herriko merkatariek.

Bertanen gabonetako zozketa

Alde batetik, eta azken urteetako ildoari jarraituz, Gabonetako Zozketa izango da, Bertan Elkarteko saltokietan kontsumitzeak saria izan dezan. Abenduaren 5etik aurrera, Elkarteko saltokietan erosketak egitean boleto bat betetzeko aukera izango dute bezeroek. Boletoa betetzen duen bezeroa zuzenean zozketan sartuko da eta sariak irabazteko aukera izango du. Sariak bikainak izango dira, elkarteko dendetan gastatzeko erosketa bonoak, hain zuzen. Denera 3.200 euro banatuko dira 20 saridunen artean.

Abenduaren 24ra arte eskainiko da boletoak betetzeko aukera eta 26an zozketa egingo da. Beraz, herrian erosketak egiteak saria izan dezake.

40 euro oraindu, 50 euro eraman

Errepikatu egingo den beste ekintzetako bat erosketa bonoen salmenta da. Elkarteko saltokietan erabili ahal izango diren erosketa bonoak jarriko dira herritarrentzat eskuragai, baina ez edonolako baldintzetan: 40 euro ordainduta, 50 euroko balioa duten erosketa bonoak lortu ahal izango dira.

Hiru egun finkatu dira bonoak eskuratzeko. Abenduaren 12an, astelehena, XJ Auzolaneanen lokalean erosi ahal izango dira; abenduaren 13an, asteartea, udaletxe azpiko arkupean; eta abenduaren 14an, asteazkena, Betharramam aretoan. Salmenta ordutegia 09:30etik 13:30era izango da hiru egun horietan. Edozein kasutan, bono kopurua mugatua izanik (300 denera) interesatuei azkar ibiltzea gomendatzen zaie. 

Pertsona bakoitzak bi bono erosi ahal izango ditu gehienez. Aukera bikaina bonoa opari moduan erabiltzeko.

V. Erakusleiho lehiaketa

Azpeitiko Udalarekin elkarlanean, V. Erakusleiho Lehiaketa antolatuko du Bertanek. Animatzen diren saltokietako erakusleihoak Gabonetako diseinuekin apainduko dituzte, eta epaimahaia batek baloratuko ditu. V. Erakusleiho Lehiaketa testua daraman txarteltxo baten bidez bereiziko dira lehiaketan diharduten saltokiak.

Abenduaren 19an emango du jakitera epaimahaiak nortzuk diren irabazleak. 3 sari banatuko dira:

  • 1. Saria: 600 euro
  • 2. Saria: 400 euro
  • 3. Saria: 200 euro

Umeentzako jolas parkea

Etxeko txikienei zuzenduta, Gabonetako oporretan jolas parkea antolatuko du Bertanek Izarraitz pilotalekuan. Puzgarriak, jolasak, giza mahai-futbola eta beste hainbat sorpresa izango dira.

Abenduaren 26an inauguratuko da parkea eta, guztira, 8 egunetan irekiko ditu ateak: abenduak 26, 27, 28, 29 eta 30 eta urtarrilak 2, 3 eta 4.

Aurreko urteetako ordutegia mantenduko da, 16:00etatik 20:00etara, eta sarrera 2 euro izango da eguneko. Parkerako sarrerak doan lortu ahal izango dira Bertan elkarteko saltokietan erosketak eginda.

Gabonetako argiak

Gabonetako argien kontratazioan ere lagundu du Bertan Merkatari Elkarteak. Herriari goxotasun ukitu bat eman nahi izan zaio argiak ipinita. Merkatarientzat garrantzitsua da Gabonetan herriko kaleak argiztatzea, giro atsegina sortzen duelako eta festa horietan magia transmititzen duelako. Horregatik, beste behin kaleak argiztatzearen aldeko apustua egin nahi izan du Bertanek. Gainera, kontsumo baxuko LED argiak erabili dira, kontsumo arduratsuaren garrantzia azpimarratuz.

Bertanek eskerrak eman dizkio Udalari ekintza guzti hauen antolaketan emandako laguntzagatik. Aldi berean, Bertan Merkatari Elkarteak Eguberri zoriontsuak opa dizkie azpeitiar guztiei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide