Itziar Agirre: "Antikontzeptiboen inguruko informazioa zabaltzen jarraitzea beharrezkoa ikusten dut"

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2016ko abe. 7a, 14:03

Itziar Agirre.

Plazako Aranburu farmaziako Itziar Agirre botikariari egokitu zitzaion azaroko Uztarria aldizkarian Erotikan Plax! ataleko sexu-galderei erantzutea.

Zure lanbidean, zerk ematen dizu plazerra?

Bezeroa ondo zaintzeak.

Farmaziako zer produktuk jartzen gaitu punttuan? Zerk lagundu dezake?

Argi eta garbi Ibuprofeno 600ek. Festaren erregea da! Kar, kar, kar.

Kondoi gutxi saltzen omen da Azpeitian, egia da?

Bai, egia da. Ez dakit egoera Azpeitiakoa den edo orokorra. Gaur egun, dagoen informazioarekin, egia esan ez dakigu benetako arrazoia zer izan ote daitekeen.

Hurrengo eguneko pildoraz zer esan dezakezu?

Askotan ez zaio erabilpen ona ematen, antikontzeptibo bezala erabiltzen baita.

Erotismoarekin lotutako anekdota edo xelebrekeriaren bat?

Behin aitona bat preserbatibo bakarra behar zuela esanez etorri zitzaigun. Esan genion kaxan bat baino gehiago etortzen zirela, baina ez, bakarra nahi zuen.

Sexualitateaz gomendiorik emango zenuke?

Nik neuk gomendiorik ez, baina antikontzeptiboen inguruko informazioa zabaltzen jarraitzea beharrezkoa ikusten dut.

Janari erotiko bat?

Txokolate zuria.

Usain bat?

Eau de soin la prairie perfumea.

Abesti sentsual bat?

Joe Cockerren You can leave your hut on.

Gustuko momentu bat?

Bezeroak irribartsu eta "egunon politta" bezalako piropo atseginekin etortzen zaizkigunean. Momentu polita izaten da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide