Urtero moduan, bihar, abenduak 13, Santa Luzia eguna ospatuko dute Elosiagan. 11:00etan suziriak botako dituzte festari hasiera emateko, eta, ondoren, meza izango da Santa Luzia baselizan, Zumaiako eta Azpeitiko abesbatzekin eta Jose Luis Frantzesena organo-jotzailearekin. Jarraian, kalejira egingo dute soinujoleekin Añota sagardotegira.
11:45ean hamaiketakoa izango da Añota sagardotegiaren atarian, bertsolariek eta trikitilariek lagunduta. Sebastian Lizaso eta Millan Telleria ariko dira bertsotan, eta Lidia eta Hitzeder arduratuko dira giroa musikaz alaitzeaz.
12:30ean herri kirolen txanda izango da. Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño ariko dira aizkolari lanetan, eta Jon Unanue Goenatxo III.a eta Martin Mendizabal harri jasotzen. 14:30ean, erretiratuen bazkaria izango da, eta, arratsaldean zehar, erromeria egingo dute bertsolariekin eta soinujoleekin.