Santa Luzia eguna ospatu dute Elosiagan, eguraldia lagun

Uztarria.eus 2016ko abenduaren 13a

Gaur, abenduak 13, Santa Luzia eguna da eta, nola ez, urtero bezala Elosiagan santalutziak ospatu dituzte, auzoko zaindariaren omenez. Eguraldia lagun, 11:00etan eman diote hasiera egunari mezarekin. Bertan izan dira Azpeitiko abesbatza eta Jose Luis Frantzesena organujolea. Ondoren, soinujoleekin kalejira egin dute Añota sagardotegira, eta han, giro ederrean hamaiketakoa egiteko tartea hartu dute.

Behin sabelak beteta, 12:30ean herri kirolak izan dira. Aizkoran aritu dira Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a, eta harrijasotzen, berriz, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Martin Mendizabal.

Festa ez da amaitu oraindik, ordea. Izan ere, 14:30ean jubilatuen bazkaria egingo dute, eta arratsaldean erromeria izango da bertsolariekin eta soinujolearekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide