Emaitza onak eskuratu dituzte Eneko Barkin eta Maddi Esnaola azpeitiarrek Lanbide Heziketako EuskoSkills olinpiadetan. Biek euren arloko proba irabazi dute, eta hala SpainSkills olinpiadetarako sailkatu dira.
Eneko Barkinek Lanbide Heziketako EuskoSkills olinpiadetako CNC Tornu proba irabazi du. Fabrikazioaren Produkzioaren Programazioa ikasketen bigarren mailako ikaslea da Barkin. Maddi Esnaola, berriz, Zarauzko Monte Albertiako ikaslea da, eta estetikako EuskoSkills proba irabazi du. Azaroan eta abenduan jokatu zituzten CNC tornu, estetika eta ileapaindegi probak.
Bestalde, Jon Lapeira azpeitiarrak EuroSkills olinpiadetan hartu du parte. IMHko ikasle ohia Goteborgen (Suedia) izan zen abenduaren 1ean, 2an eta 3an, baina ez zuen sailkatzerik lortu.