Umeentzako egitasmoekin, musikaz eta festa giroan abiatu zen atzo Sanjuandegiko Azoka Herritik, eta gaur goizean egin dute azoka nagusia, Jose Antonio Agirre plazan. Artisauak, baserritarrak, bigarren eskuko denda, herriko kooperazio taldeak edo Extremadurako jaki-edariak aukeran izan dituzte eguraldi ona lagun hara inguratu direnek. Argazki elkartekoen estudioan argazkiak ateratzeko ere atera dute tartea herritar askok eta, aurtengoari agur esateko, Metal Boskotearen musikak gozatu ditu azokaren azken uneak.