Udal gobernuak bat egin du Sarek euskal presoen eskubideen alde Gabonetan antolatutako ekimenekin

Uztarria.eus 2016ko abe. 22a, 17:13

Sarek antolatutako ekimenak babesteko agerraldia egin dute Udal gobernuko hainbat kidek.

Eneko Etxeberria alkateak adierazi duenez, "giza eskubideak errespetatzea gutxienekoa da, eta euskal presoen eskubideak gure eskubideak ere badira". Udalak dispertsioarekin nahiz giza eskubiden urraketekin amaitzeko eta espetxe politika aldatzeko mozioa onartu zuen, aho batez, abenduko udalbatzarrean.

Azpeitiko Udal gobernuak bat egin du Sare Herritarrak euskal presoen eskubideen alde antolatutako ekimenekin, eta babesa erakutsi die horiei. Eneko Etxeberria azpeitiko alkateak adierazi duenez, "gaur egungo eta etorkizuneko gizarte egoki bat eraikitzeko giza eskubideak errespetatzea gutxienekoa da". Horrez gain, esan du giza eskubideak ezin direla baldintzatu: "Uste dugu ezin direla giza eskubideak baldintzatu, eta pertsona guztien giza eskubideak errespetatzea ezinbestekoa dela, ez dagoela aitzakirik. Euskal presoen eskubideak gure eskubideak ere badira". Gainera, giza eskubideak errespetatzen ez badira "demokraziarik ez" dagoela nabarmendu du Eneko Etxeberriak.

Bestalde, Azpeitiko alkateak gogoan izan ditu dispertsioa jasaten ari diren hiru preso azpeitiarrak. "Kezkatuta gaude bidaia horiekin, dispertsio politikoarekin, kezkatuta gaude gaixo dauden presoekin, zigorraren hiru laurdena beteta duten presoekin zein 70 urtetik gorakoekin. Horregatik Udal gobernuko kideok parte hartuko dugu Sarek antolatutako ekimenetan", adierazi du Etxeberriak.

Udalak dispertsioarekin nahiz giza eskubiden urraketekin amaitzeko eta espetxe politika aldatzeko mozioa onartu zuten, aho batez, abenduko udalbatzarrean. Eneko Etxeberriak adierazi duenez, "iritsi da momentua euskal presoak gure etxeetan edukitzeko eta gure herrian beste etapa bat irekitzeko".  

Azpeitiko Udalak dei egin die herritarrei bereziki Sarek urtarrilaren 14an Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko. 

Honakoak dira Sare Herritarrak Gabonetan presoen eskubideen alde egingo dituen ekimenak: 

  • Abenduak 24, 19:30ean plazan elkarretaratzea.
  • Abenduak 30 ostirala, 19:00etan plazan elkarretaratzea.
  • Abenduak 31: 18:30ean igerileku aurretik manifestazioa.
  • Urtarrilaren 14an Bilbon manifestazioa. Busen irteera 16:00tan anbulatorio aurretik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide