Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak 2017ko edizioa apirilaren 1ean izango zela jakinarazi zuen hurrengo egunean, Donostiako maratoi erdiak iragarri zuen apirilaren 2an egingo zutela lasterketa. Hain justu, hurrengo egunean.
Donostiako lasterketa maiatzaren erdi aldean izaten da, horregatik haserre daude Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileak. Agustin Jimenez Azkoitia-Azpeitia lasterketaren antolatzaileak adierazi duenez, "ez dugu ulertzen zergatik egin duten aldaketa hori, gurekin kontsultatu ere egin gabe. Uste dugu kalte egiten diola atletismoari eta baita korrikalariei ere".
Azkoitia-Azpeitia probako antolatzaileek bi lasterketak asteburu berean izango zirela jakin zutenean, Donostiako maratoi erdiaren data onartzen duen Donostiako Mugikortasun Sailera zuzendu ziren. Han Martin Ibabe zinegotziarekin hitz egin zuten, eta Jimenezen arabera, "ezer ezin zutela egin" esan zioten. Horren aurrean, Azkoitia-Azpeitiaren desadostasuna publiko egitea erabaki dute.
Desadostasun horren aurrean jaso duten babesagatik eskerrak eman dizkiote Azkoitia eta Azpeitia arteko lasterketako antolatzaileek atletismo zaleei eta hainbat erakunderi. Horrez gain, nabarmendu dute, azken 24 urteetan egin bezala, "interes pertsonalak alde batera utzita", atletismoaren zerbitzura jarraituko dutela lanean.
"Zabaldutakoak argitu nahi"
Donostiako maratoi erdiko antolatzaileek "zabaldu dituzten gauza batzuk argitu nahi" dutela esan dute Azkoitia-Azpeitiaren antolatzaileek. "Ez da lasterketa apirilaren 1ean egiten den aurreneko aldia, 2001ean ere horrela izan baitzen", azaldu dute. "Uztailean egin genuen koordinazio bileran, inork ez zekien Donostiako maratoi erdia aurreratu zenik, edo inork bazekien, ez zuen aipatu", esan dute Azkoitia-Azpeitiatik.
Horrez gain, esan dute Donostiako zinegotziarekin hitz egin zutenean ez zuela data aldaketaren berririk. "Gure aurrean deitu zion mugikortasuneko teknikariari eta orduan jakin zuen apirilaren 2an izango zela Donostiako maratoi erdia eta data baimendua izan zela". Agustin Jimenezek azaldu duenez, Donostiako maratoi erdiko antolatzaileek data aldatuko ez zutela azpimarratu zieten: "Felix Apalategik urriak 31ean deitu zidan elkartzeko, eta ordurako beraiek argi utzi zuten data ez zutela aldatuko eta gu izan garela beti datak aldatu ditugunak. Nere desadostasun osoa azaldu nion eta gauzak horrela egiten ez direla esan ere bai".
Eztabaidarekin jarraitu nahi ez dutela esan du Agustin Jimenez antolatzaileak, eta erakundeekin (Azpeitia eta Azkoitiako Udalekin, Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta atletismo federazio guztiekin) biltzen jarraituko dutela nabarmendu du. "Apirilaren 1ean Azkoitiko eta Azpeitiko herriak atleismo festa izango dira beste behin", esan du Jimenezek.