Azpeitiarrez natul egitasmoa jarri du martxan Azpeitiko Natul Euskara Taldeak, azpeitiarrez hitz egiterakoan erabili ohi diren hitzak eta esamoldeak biltzeko asmoz. Natul taldeko kideen esanetan, herriko hizkera "aberatsa" da, eta ondare hori bildu nahi dute.
Errepertorioa herrian osatutakoa izatea nahi dute, eta horretarako proiektua lau iturritatik elikatzea nahi dute: ikastetxeen bitartez, herriko taldeen eta eragileen bitartez, kuadrilen bitartez eta norbanakoen bitartez. Horretarako www.azpeitiarreznatul.weebly.com webgunea sortu dute, eta herriko hainbat tabernetan postontziak jarriko dituzte. Proiektuaren helburua da, besteak beste, "belaunaldien arteko transmisioa bultzatzea; azpeitiar hizkeraren ezagutza zabaltzea; ezagutu bai, baina egunerokoan erabiltzen ez diren hitzak gogoraraztea eta erabiltzen hastea; gaztelania euskarari lekua jaten ari zaion garaiotan euskararen prestigio soziala altxatzen ahalegintzea, euskarari duen balioa emanez; eta sakonagoa izan daitekeen lan bati bidea irekitzea".
Azpeitiarrez hitz egiterakoan erabili ohi diren esamoldeak jaso nahi dituzte. Azpeitiarraren eta batuaren artean egin nahi dute bereizketa, "ez azpeitiarra eta beste euskalkien artean".
Kanpaina sustatzeko, honako bideoa egin dute: