Zirimiria egin arren, herriko plaza haurrez eta gurasoz bete da Mari Domingiren etorrerarekin. 12:30ak aldera iritsi da plazara, eta kalean gabon eskean zebiltzan herriko hiru ikastetxeetako taldeek elkarrekin ongietorria egin diote Mari Domingiri. Txikienek eskutitzak emateko eta berarekin argazkiak ateratzeko aprobetxatu dute.
Goizean zehar jaiotzarekin kaleetan zehar ibili dira hainbat talde kantuan. Horrez gain, arratsaldean Olentzero eta Mari Domingi ibiliko dira herriko kaleetan zehar, 17:00etatik aurrera. 17:30ean dantzariek Aurreskua egingo diete bi protagonistei. Bertsoek ere izango dute lekua gaurkoan. Plazara gerturatzen direnek Olentzerori eta Mari Domingiri hainbat abesti kantatuko dizkiete. Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldia Frontoi Txikian izango da.