Gabon eguneko pertsonaia kuttunenek ez dute hutsik egin aurtengoan ere. Ikusmina, urduritasuna, festa usaina eta eguraldia lagun izan dira gaur arratsalde-iluntzean Azpeitiko Alde-Zaharreko kaleetan. Denak zeuden Olentzero eta Mari Domingiren zain, eta 17:00ak pasatxoan ekin diote kalejirari Bidaniako idiek zeramaten gurdian, ohi duten bezala, eta herritarrez inguratuta. Olentzerorekin eta Mari Domingirekin batera ibili dira kaleetan ttuntturroak, txistulariak, trikitilariak eta ikasleak, azpeitiarren harrera beroaren erakusgarri.
Hitzordu nagusia, baina, plazan zuten. Olentzerorengana eta Mari Domingirengana joan eta gutunak eman edota haiek emandako gaztaina erreak jasotzeko prest ume ilara luzea ikus zitekeen. Aurretik, ordea, dantzariek Aurreskua eskaini diete, Koruak Gabon kantak abestu ditu kioskoan eta Xebastian Lizasok pare bat bertso bota ditu.
Perez Arregi plazatik abiatuta, koruko eta kantujirako lagunekin batera kalejiran plazara gerturatu den bestea Jaiotza izan da.