Ana Mendizabal, irakasle estimatua:
Agian, norbait harritu egingo da, baina ezagutzen gaituenak badaki elkar aspaldi ezagutu genuela; eta zerbait komunean izan badugu, aspaldiko kontuez hitz egin behar dela. Zaila izaten da askotan barnean ditugun korapiloak askatzea, gaztetan jasotzen ditugun eta ulertzen ez ditugun irakaspenak gogoratzea. Gaztetako arrasto horiek hain dira sakonak eta hain aspaldikoak... Askotan oso barnean izaten dituzu, eta gogoratu ere ez dituzu egiten. Dituzunik ere ez zara ohartzen sarritan.
Oso gazteak ginela ezagutu genuen askok Ana Mendizabal, gure zorionerako, gure irakasle kuttuna izan zen urte luzez. Ez zuen lan erraza izan, benetan egiteko konplikatua zuen gurekin, baina aurrera egiten lagundu zigun pazientzia handiz eta borondate onez. Hiru bat urtez gure arduraduna izan zen ikastolan; eta, babesteaz gain, mimatu egin gintuen. Alaitasunez gogoratzen dut; nortasun handia zeukan, baina emakume benetan alaia zen gure Ana Mendizabal. Eta asko disfrutatu genuen berarekin.
Badakit Anak gauza asko egin dituela, askoz garrantzitsuagoak eta egokiagoak, aipatzekoak. Hala ere, Ana Mendizabal irakaslea etortzen zait burura, ezin zait beste ezer atera: Ordesara joan gineneko bidaia hura, Loiolako gelak, errietak, alaitasuna, irribarrea eta pazientzia. Pazientzia handia. Bere bizitzan zehar behar izan duen pazientzia.
Egunen batean ikasiko dugu inoren heriotzaren zain egon gabe sakonago jasotakoa eskertzen. Balio dezatela lerro hauek, gutxienez, esateko garai horietan jarri zenuen bihotz-zabaltasunak asko balio izan digula. Urteak pasatuta ere, gauzak konplikatzen joan bazaizkigu ere, une batez zure ikasle txiki haiek izaten jarraitzen dugula. Bidaia ona izan dezazula Ana, eta eskerrik asko guztiagatik, benetan asko eskertzen dizugu.
Besarkada bero bat Maddirentzat.