Aurrerantzean Enok Sudupe azpeitiarrak egindako irudia erabiliko du Azpeitiko Udalak. Lehengo irudiaren oinarri bera du berriak, eta bi otso eta lapikoa ageri dira bertan. Sudupek joan den urrian aurkeztu zuen Lapiku Otsoyaki izeneko irudia Udalean, eta duela egun batzuk jakinarazi zioten bere lana izango zela aurrerantzean Azpeitiko logoa.
Egileak azaldu duenez, "sinplea, bizia eta modernoa" da Udalaren irudi berria: "Lehengo logoa da irudi berriaren oinarria. Izan ere, Azpeitiko Udalaren logoan ezin dira bi otsoak eta lapikoa falta. Baina aire berriak eman, eta sinpletasuna eta kutsu modernoa gehitu dizkiot Lapiku Otsoyakiari". Horrez gain, Sudupek adierazi du, urteak zirela Udalak bere irudia aldatzen ez zuela, eta "aldaketa bat behar" zuela. Sudupek azaldu duenez, Mikel Urmenetaren Katuki Saguyaki proiektuan inspiratu da irudia egiterako garaian.