Lavillenie

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Arruti 2017ko urt. 3a, 17:13

Abuztua zen eta goizeko hirurak buelta izango ziren zenbait kirolzale telebistaren aurrean geundenean Renaud Lavillenieri begira. Haren azken saiakera zen Rioko Olinpiar Jokoetan urrea lortu ahal izateko, aurkaria brasildar bat, etxekoa. Denok ikusi genuen, bat-batean, Lavillenie frantziar gaztea bere pertiga hartzen ari zela malkoak lehortzen; harrigarria egin zitzaigun haren mailako atleta modu horretan ikustea. Hurrengo egunean berriro malkoak isuri zituen Lavilleniek zilarrezko domina jasotzerakoan, beste behin txistu eta oihu hotsak gailendu ziren Rioko Joao Havelange estadioan. Harro ziren brasildarrak, uste zutelako denen artean lortu zutela urrezko domina hura eta, neurri batean, hala izan zela esan daiteke.

Kazetariek futbolaren eragina aipatzen zuten ikusleen portaeraren errudun. Ziurrenik, Lavilleniek inoiz ez zuen txisturik entzungo lehiatzen ari zenean, haurra zenetik maila goreneko kirolerako prestakuntza jaso arren, inoiz, inork eta inon ez zion isekarik egingo estadio batean. Haren aurkariek ere txalo egingo zioten jauzia egiteko prestatzen zen bitartean, ohikoa da jokaera hau atletismoan. Aurtengo olinpiar jokoetako une garrantzitsu bihurtu zen Lavillenieren hau, hark nahi gabe noski; ziurrenik munduko errekorra lortu izan balu ere ez zituen horrenbeste orri beteko egunkarietan.

Izugarrizko aldea dago kiroletik kirolera jarraitzaleek duten jarreran. Lavillenierena gertatu eta aste gutxira, Bruselan ginen Van Dammeren oroimenez egiten den Diamantearen Ligako azken jardunaldia ikusten. Sandi Morrisek pertiga hartu zuen, 40.000 ikusle inguru zutik geunden eta txaloka amerikar gaztea gorantza bultza nahian, listoia zegoen 5,07 metroak gainditzeko hauspoa eman nahi genion. Gehienentzat, ordura arte, zeharo ezezaguna zen Sandi, baina une horretan denok nahi genuen munduko errekor bat zuzenean ikusi, horrela, historiara igaroko zen jauzia bertatik bertara ikusi genuela kontatu ahal izango baikenuen. Jende guzti hura elkarrekin txaloka eta pertsona bakar batek egiten zuenaren zain ikusteak ileak ere tente jartzen zituen.

Kiroltasuna

Sarri gabiltza baloreen transmisioaren inguruan berriketan eta badugu garaia kirolari begiratzeko, delako kiroltasunari. Hain kirolzale garen herri honetan sarri bihurtzen ditugu kirol aurkariak etsai amorratu, nahiz eta auzokoak ditugun edo ondoko herrikoak, izan daitezke lagunak edo lagunen seme-alabak. Amorruz eta biraoka ikusten ditugu zale sutsuak, ahalko balute irabazi eta zapaldu egingo lituzkete aurrean dituztenak, gupidarik gabe. Lavilleniek dituen gaitasun fisikoak kontuan izanda, beste kirolen batean ere izango zuen aukerarik goiko mailara iristeko, agian ez zen hain famatu izango, edo ez zen munduko onena izango. Baina akaso ez zuen negarrik egingo txistuak eta oihuak entzutean, zeren eta, horretara ere, ohitu egiten omen gara.

 

(2016ko abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide