Gerrek markaturiko bizitza izan duzu: 1936koak eta El Salvadorkoak, hain zuzen ere. Gerraundi baserrian jaio eta hazi zinen; ez al da deigarriegia kasualitatea izateko?
Euskaraz ez jartzeagatik, Guerra Mayor izenarekin bidaltzen zizkiguten gutun ofizialak Francoren garaian. Aitonak esaten zuen baserriaren inguruan borroka batzuk egon zirela kontatu ziotela txikitan. Gure aita 1936ko gerran ibilitakoa zen, eta hiru hilabetez heriotza zigorra izan zuen gainean. Kartzelatik ateratakoan, Batallon de Trabajadores izeneko horietan [esklabo lanean] beste hamaika hilabetez izan zuten. Guk galdetu egiten genion txikitan: «Aita, eta gerra zer?». Eta kontatu egiten zigun. Amak errieta egiten zion: «Gauza ederra kontatzen ari zara!». Batxilergoan, Historia azterketan Bigarren Mundu Gerra tokatu zitzaigun. Bikain atera nuen, asko ikasi gabe, aitari entzundakoekin, kontatutakoak ez zetozelako liburuetan.
Abertzale, emakume, euskalduna, baserritarra... galtzaileen saldokoa izateak noraino markatu du zure izaera, eta borrokara bultzatu?
Asko baldintzatu nauela uste dut. Aita ezkerrekoa zen, abertzalea; ama ere bai. Asko baldintzatu ninduen gerra osteko errepresioak. Guardia Zibilak askotan etortzen ziren gure etxea miatzera. Beste ahizpa-nebek [zortzi dira, eta Miren zaharrena] halako abenturarik ez dutela egin? Ados. Hor norberaren erabakiak daude. Ni beti izan naiz zerbait egitekoa. Herria askatzeko, norbera askatu behar da, eta horretarako hau askatu behar da [burua ukitu du].
Ekonomia ikastera joan zinen Bilbora. Marxismoa serio ikasi nahi zenuen, edo orduan bor-bor zegoen langileen borrokaren saltsan sartu nahi zenuen?
Marxismoa ikasi nahi nuen, baina kapitalismoa ere bai, konparatzeko. Sarrikon ere sekulako borrokak zeuden orduan: bi hilabetez egon ginen klaserik gabe. Baziren bi edo hiru irakasle ezkerrekoak, Miren Etxezarreta tartean. Harreman handia genuen horiekin. Ikasle talde bat bildu eta ekonomia marxista irakasteko asmoa zuten. Baina ni, orduan, ETAko kultura frontean sartu nintzen. Eta gero atxilotu egin ninduten. Edonola ere, aurretik nuen erabakita ekonomia molde hori ikasten ez jarraitzea.
Elkarrizketa osorik, Berriaren webgunean.