Hotz bukatu zen bezperakoa eta hotz esnatu da gaur San Sebastian eguna Azpeitian. Danbor hotsekin bete zen gaua eta danbor hotsekin esnatu da, halaber, goiza. Aspaldiko ohiturari eutsiz, Izarraitz Txistulari Taldeak, Juan Antxieta Musika Eskolako txilibitu-jotzaileek eta Udal Musika Bandak lagun izan dituzte Gure Ametsa eta Ardozaleak danborradako taldeak, dianan lehendabizi eta udal korporazioaren laguntzaile lanetan eta meza aurreko prozesioan, ondoren. San Sebastianen irudia atera dute, urtero legez, Alde Zaharreko kaleetara; eta, meza hasi aurretik, musikariek eta danbor taldeek San Sebastian Martxa jo dute parrokia barruan.
San Sebastian eguna hasi besterik ez da egin. 12:00etan aterako da festetako lehen sokamuturra, ordu erdikoa, 12:30ean umeen danborradari lekua uzteko; 16:30etik aurrera izango dute zaletuek zezenaz gozatzeko bigarren aukera. Gauean, berriz, bandera jaistea izango da hitzordu nagusia; aurten hamabi taldek hartuko dute parte.
Hau da eguerditik aurrerako gaurko egitaraua: