Hotzari aurre eginez hasi eta plazan eguzki epelarekin goxatuz bukatu dute umeek San Sebastian eguneko danborrada. Iraurgi Ikastetxeko, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Itsasi Dantza Taldeko eta Juan Antxieta Musika Eskolako ohiko taldeei beste bat batu zaie gaur, Hazparnetik etorritako ikasle taldearena. Azpeitia eta Hazparne senidetu zireneko 30. urteurrena betetzen da 2017an, eta urteurrena ospatzeko garatuko den egitarauaren barruan, sansebastianetako umeen danborrada bilakatu da estreinako hitzordu garrantzitsu. Izan ere, Hazparnetik danborra jotzera etortzeaz gain, aurtengo karrozaren gaia ere senidetzaren 30. urteurrena izan da. Udaletxean izan da, danborrada jarraitzen, Hazparnen senidetzaren kontuez arduratzen den batzordeko Daniel Camblong ere.