Taldekako xake ligako bigarren jardunaldia jokatu dute xaputarrek Azpeitian

Uztarria.eus 2017ko urt. 23a, 11:53

Joan den zapatuan, urtarrilaren 21ean, Gipuzkoako taldekako xake ligako bigarren jardunaldia jokatu zuten Azpeitiko Xake Taldeko kideek, etxean. Aurtengo ligan azpeitiarrak bi taldetan ari dira lehiatzen, Xaputarrak A taldearekin eta Xaputarrak B taldearekin. A taldea bigarren mailan ari da lehian eta B taldea, berriz, hirugarrengoan. 

Xaputarrak A eta Xaputarrak B taldeko kideek Sindikatu Zaharreko hirugarren solairuan, Azpeitiko Xake Taldearen egoitzan, jokatu zituzten bigarren jardunaldiko partidak, 16:00etan hasita. Xaputarrak A taldeak parez pare izan zuen Legazpiko Santikutz A taldea, eta 2-2ko emaitzarekin amaitu zuten partida. Alberto Urkia eta Eneko Alberdik berdinketa lortu zuten, Patxi Isasmendik irabazi egin zuen eta Aitor Priyak, aldiz, ezin izan zuen partida irabazi. Emaitza horiekin bosgarren sailkatuak dira azpeitiarrak 3,5 punturekin. Xaputarrak B taldeak, bere aldetik, 1,5-2,5 amaitu zuen partida, Urretxuko Goierri taldearen aurka. Julen Urangak irabazi egin zuen, Aner Alonsok berdinketa lortu zuen, eta Gorka Urangak eta Luis Andoni Lazkanok euren partidak galdu zituzten. Emaitza horiekin, Xaputarrak B taldea sailkapenean zortzigarrena da, 1,5 punturekin.

Datorren zapatuan, urtarrilaren 28an, Xaputarrak A taldeak Getariara mugituko da Keta taldearen aurka lehiatzera. Xaputarrak B taldekoak, berriz, Zaleak taldearen aurka arituko dira Bergaran.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide