Sansebastianak 2017

Aurtengo sansebastianak "parekorik gabeak" izan direla azpimarratu du Udalak

Uztarria.eus 2017ko urt. 23a, 14:09

Aurtengo San Sebastian bezperako danborradako irudia. (Azpeitiko Udala)

San Sebastian festen inguruko balorazio positiboa egin du Udalak, eta eskerrak eman dizkie jaiak antolatzen ibili diren eta horietan parte hartu duten herritar guztiei. Bestalde, esker hitzak izan dituzte ikurrina aurreneko aldiz udaletxean jarri zuten herritarren familientzat, Hazparnetik etorritako lagunentzat eta Quintana de la Senerako Udal ordezkarientzat.

Festaren ajearen ostean, aurtengo sansebastianetako balorazioa egin du Azpeitiko Udalak, eta aurtengo jaiak "parekorik gabeak" izan direla azpimarratu du. Udalak adierazi duenez, "hotza egin badu ere, jendea ez da beldurtu eta sansebastian bezperan nahiz egunean jendetza izan da danborradak ikusten kalean". Aurtengoa "izugarria" izan dela nabarmendu du Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak, eta haren hitzetan "inoiz baino talde gehiago eta behin ere baino herritar gehiago izan dira festaren parte".

Udalak eskerrak eman dizkie festaren parte izan diren herritar guztiei, eta bereziki San Sebastian bezperan ikurrina igo zuten eliastar, pratar eta lazkanotarrei. Duela 40 urte beren senideak izan ziren ikurrina udaletxera igotzen aurrenak, eta aurten, 40 urte geroago, senideek igo zuten ikurrina udaletxeko balkoira, gauerdiko kanpai hotsekin batera. 

Bestalde, eskerrak eman dizkiete Hazparneko lagunei, festa "bereziago" egiteagatik. "San Sebastian eguna berezia da azpeitiarrontzat, eta hazpandarrak gure artean izateak bereziago egin zuen festa", adierazi du Ibarzabalek. Horrez gain, senidetzatik haratago ere, bi herriak "gauza askok" elkartzen dituztela esan du Udalak, eta horietako bat danborrada dela azpimarratu du. Bestalde, ekainean Hazparnen egiten den danborradan azpeitiar talde bat izaten saiatuko dela aurreratu du Udalak.

Quintana de la Senerako (Extremadura, Espainia) alkate Jose Angel Benitezi eta harekin etorritako bi zinegotziei ere eskerrak eman dizkiete Udaletik, "elkar ezagututa, hemendik aurrera harremanak lantzeko eta sendotzeko erokutsitako konpromisoagatik".  

San Sebastian ondorena ere arrakastatsua

San Sebastian bezpera eta eguna pasatuta, asteburuan festak jarraitu egin du; izan ere, Azpeitiko Udalak haurrentzako hainbat ekintza antolatu ditu asteburuan, puzgailuak eta txu-txu trena kasu. "Izugarria izan da jendearen erantzuna. Zapatuan, sei orduan 900 lagunetik gora ibili ziren trenean. Izugarrizko arrakasta izan du". Izan ere, udan Azpeitian txu-txu trena jartzea aztertu du Udalak, baina aurretik herritarren erantzuna ikusi nahi zuten, eta horixe egin dute sansebastianetan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide