Otsailetik ekainera bitartean ere ez da ikastarorik eta egitasmorik faltako Azpeitiko Emakumeen Txokoan; izan ere, Jabetze Eskolen barruan sei ikastaro eskainiko dituzte eta, horiez gain, beste horrenbeste ekimen prestatu dituzte datozen hilabeteetarako. Gaur, astelehena, aurkeztu dute egitaraua Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak eta Izaskun Egiguren Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak, Emakumeen Txokoan bertan.
Azpeitiko Jabetze eskolak Gipuzkoako Jabetze Eskolen Sarean daude 2010. urtetik. Ordutik, prestakuntza eskaintza "anitza eta parte-hartzailea" osatzeko, emakumeen proposamenetatik eta parekidetasuna bultzatzeko lan-ildoen lanketatik abiatzen direla azaldu du Egigurenek. Horrez gain, Jabetze Eskolen helburua emakumeei beren burua eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea dela esan du: "Eskola, maila pertsonalean eta kolektiboan indartu, elkarrekin ikasi, errealitateari ikuspegi feminista batetik begiratu, eta gure parte-hartze sozio-politikoa handitzen lagunduko digun topagunea da".
Datozen hilabeetan honako ikastaroak eskainiko dituzte emakumeei zuzendutako Jabetze Eskolen barruan:
- Ahalduntzea, gorputza eta biodantzaren bitartez:
Otsailaren 16tik maiatzaren 18ra, ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara. 24 orduko iraupena izango du. Izen-ematea 36 euro ordaindu beharko da. Langabetu eta ikasleek, berriz, 24 euro ordaindu beharko dituzte. Ikastaroa euskaraz izango da.
- Historiarako emakumeak tailerra:
Otsailaren 14tik ekainaren 6ra, hamabostean behin, astearteetan, 18:30etik 20:00etara. 12 orduko iraupena izango du. Izen-ematea 18 euro ordaindu beharko da. Langabetu eta ikasleek, berriz, 12 euro ordaindu beharko dituzte. Ikastaroa euskaraz zein gazteleraz izango da.
- Erotismo eta autoezagutza tailerra:
Martxoaren 4an eta 25ean, apirilaren 29an eta maiatzaren 13an, 10:00etatik 14:00etara. 16 orduko iraupena izango du. Izen-ematea 24 euro ordaindu beharko da. Langabetu eta ikasleek, berriz, 16 euro ordaindu beharko dituzte. Ikastaroa euskaraz izango da.
- Mendi orientazio ikastaroa:
Apirilaren 22an eta 29an, maiatzaren 13an, 20an eta ekainaren 3an, 09:30etik 13:30era. 20 orduko iraupena izango du. Izen-ematea 30 euro ordaindu beharko da. Langabetu eta ikasleek, berriz, 20 euro ordaindu beharko dituzte. Ikastaroa euskaraz izango da.
- Emozioak nola landu ikastaroa:
Martxoaren 29tik maiatzaren 31ra, asteazkenetan, 17:30etik 19:30era. 18 orduko iraupena izango du. Izen-ematea 27 euro ordaindu beharko da. Langabetu eta ikasleek, berriz, 20 euro ordaindu beharko dituzte. Ikastaroa gaztelera izango da.
- Neska gazteentzako autodefentsa feminista
Otsailaren 3tik maiatzaren 26ra, ostiraletan, hamabostean behin, 17:30etik 20:30era. 24 orduko iraupena izango du, eta doan izango da. Ikastaroa euskaraz izango da.
Gaur, urtarrilak 23, zabaldu dute Jabetza Eskoletan izena emateko epea, eta zabalik izango da otsailaren 3ra arte. Eskolen inguruko informazio zehatzagoa eskainiko duen eskuorria banatuko dute etxez etxe.
Parekidetasuna sustatzeko ekimenak
Jabetze Eskolez gain, parekidetasuna bultzatzeko, herritar guztiei zuzenduta beste hainbat egitasmo ere eskainiko dituzte Emakumeen Txokoan: Miren Odriozolaren borroketan oinarritutako Laura esaten zioten liburuaren solasaldia izango da otsailaren 10ean; Zaindu gure burua zainduz osasun jardunaldiak eskainiko dituzte Baigerako aretoan, otsailaren 9an eta 16an; eta Zinegoak ekimenaren barruko zine emanaldia eskainiko dute martxoaren 7an, Paradisu Zinema zineklubarekin elkarlanean. Horiez gain, martxoaren 8an, kontzentrazioa, El tornillo bideo maratoia eta mokadutxoa eskainiko dituzte.
Herriko emakumeei egiten dakitena erakusteko aukera eman diete, eta hiru azpeitiarrek eskaini eta gidatuzko dituzte prestatu dituzten egitasmoetatik hiru. Leire Arenasek koadernaketa tailerra eskainiko du otsailaren 4an, 11n eta 18an; Alaitz Badiolak Emakumea pilotari ekimena gidatuko du otsailaren 1etik aurrera; eta Edurne Salegik emakume haurdunentzat tailerra eskainiko du otsailetik aurrera. Hiru egitasmo horietan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea.
Emakumeen Txokoa Azpeitiko emakume eta gizonen arteko parekidetasuna sustatzeko "tresna bat" dela adierazi du Leire Etxaniz gizarte zerbitzuetako zinegotziak: "Herritar guztiei irekita dagoen espazioa da Emakumeen Txokoa, emakume zein gizonei, eta guztiei zuzentzen zaiena".
Jabetza Eskoletan eta beste egitasmoetan parte hartzeko dei egin diete herritar guztiei, "jendarte parekideago baterako bidea" elkarrekin egiteko.