Urtarrileko odol ateraldia egingo dute bihar

Uztarria.eus 2017ko urt. 24a, 11:22

Odol ateraldi bateko irudia. (Azpeitiko Odol Emaileak)

17:00etatik 21:00etara izango dute odol-emaileek anbulatorioan odola emateko aukera. Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteko kideek gazteak animatu nahi dituzte odola ematera. 

Hileroko azken asteazkenetan bezala, bihar, urtarrilak 25, odola emateko hileko zita izango dute odol emaileek, 17:00etatik 21:00etara, anbulatorioan.

Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteko kideek herritar guztiak animatu nahi dituzte odola ematera, 2016. urtean behera egin baitzuten odol ateraldiek Azpeitian. Hala ere, bereziki, gazteei egin diete odol emaile izateko gonbita. "Arrazoi ezberdinak tarteko, adineko jendeak odol emaile izateari uzten dio denborarekin, eta geroz eta gutxiago hurbiltzen dira anbulatoriora odola ematera. Horregatik, garrantzitsua da gazteek odola ematearen ohitura hartzea", azaldu dute. 

Otsaileko odol ateraldia, hilaren 22an izango da, leku eta ordu berean. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide