Birziklapenaren eta berrerabilpenaren inguruko erakusketa ibiltaria plazan izango da igandera arte

Uztarria.eus 2017ko urt. 25a, 14:44

Erakusketa toki bat, egongela bat, tailerrak egiteko lekua, zuzenean musika entzuteko tokia eta objektuak erosi eta ikusteko lekua izango dira plazan. Kanpainaren helburua da "herri hezkuntzan oinarrituta tailer eta ekintzen bidez herritarrak hondakinen kudeaketaren eta kontsumoaren inguruko hausnarketa egitea".

Hondakinen Prebentzioaren Europar Astearen baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako eta Emausek gidatutako hondakinen birziklapenaren eta berrerabilpenaren inguruko erakusketa ibiltaria ikusgai izango da gaurtik, asteazkena, igandera bitartean, plazan.

Kanpaina horren helburua da "herri hezkuntzan oinarrituta tailer eta ekintzen bidez herritarrak hondakinen kudeaketaren eta kontsumoaren inguruko hausnarketa egitea". Erakusketa ibiltarian berrerabilpenaren gaia landuko da batez ere; izan ere, ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, "hainbat ikerketen arabera, objetuen %80a behin bakarrik erabiltzen da".

Erakusketan berrerabilpenaren eta birziklapenaren abantailak azalduko dituzte, ekonomia zirkularraren ikuspegitik. Hala, "gureak ez diren baliabide naturalak" ez xahutzearen inguruan hausnartzen arituko dira. Horretarako, plazan jarri dituzten berrerabilitako bi edukiontzietan honakoak egongo dira: erakusketa toki bat, egongela bat, tailerrak egiteko lekua, zuzenean musika entzuteko tokia eta objektuak erosi eta ikusteko lekua.

Erakusketa gunea zabalik izango da 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era. Tailerrak, berriz, ostiral arratsaldean, zapatu goizean eta arratsaldean eta igande goizean izango dira, haur zein helduentzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide