Zibaren jirak eta birak

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Borda 2017ko urt. 26a, 17:01

Hurritz, liluratuta zauzka zibak. Sokari eragin eta biraka ipintzen dut madari formako mundua zure aurrean. Lehendabizi txalo egiten duzu jesarrita, hor zoaz gero lau hankan xibota tupustean hartzera. Armagedon txiki bat zara.

Hala dabil nonbait zapaltzen dugun mundu hau ere, Hurritz, erremota baten pare irabiatze atergabean. Bere orbitaren gurpila osatzean, lasterketa bateko helmugako zinta imaginarioa jartzen dugu, eta urratzen dugun aldiko elkarri Urte Berri On opa eta hurrengo bueltari ekiten diogu.

Itzuli bakoitzean ilaran etortzen zaizkigu aldarriak: urtarrilean Euskal Presoak Euskal Herrira ekartzeko manifestazioa Bilbon, Herri Urrats udaberrian, Elkartasun Eguna, Gure Esku Dago-ren ekaineko ekimena, Marea Arroxa, Kilometroak... Urtea joan eta urtea etorri, jira eta bira nekagaitzean dabil gure ziba eguzkiaren bueltan.

Badira hala ere zibak hankaz gora bota ditzaketen harri txintxorrak: historiaren zoruaren kontra talka egiten duten kometak. Begira, laster da Lituanian Sausio 13a. Hunkituta gogoratu ohi dute gure lagun Daivaren, Justeren, Ievaren gurasoek zero gradu azpiko gau hura: 1991ko urtarrilaren 13an sobietarrek tankeak atera zituzten herritarren kontra lituaniarrek independentziarako bidea hartu zutelako. Dena ala ezer ez. Kale edo bale. Baltikoko zibari esku zartada bat.

Hurritz, jolasean jarraituko dugu atsegin baduzu. Zoruan bueltaka jarriko dizut mundu txikia behin eta berriz, eta zuk segi iraultza simulakroak egiten zeure eskutxoekin. Horrela gure etxeko egongelan ura ez da beti bere bidean joango. Eta, agian, noizbait iraultzaren batek ustekabean harrapatuko du gure bizitza.

 

(2017ko urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako artikulua)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide