Urola Erdia protagonista izango da Explore San Sebastian Region turismo bulegoan

Uztarria.eus 2017ko urt. 26a, 17:30

Jesus Mujika, Maite Cruzado, Eneko Etxeberria eta Cristina Iturriagagoitia, atzoko aurkezpenean. (Azpeitiko Udala)

Bihartik aurrera, astebetez, eskualdeko turismo, aisialdi eta gastronomia eskaintza Foru Aldundiak Donostiako Bulebarrean duen bulegoan eskuragarri egongo da, Eskualdeen Txokoa, hamar hilabete, hamar eskualde egitasmo berriari hasiera emanez.

Bihar, ostirala, egitasmo berria jarriko dute abian Explore San Sebastian Region turismo bulegoan. Foru Aldundiak Donostiako Bulebarrean duen bulegoan Gipuzkoako eskualdeei beren turismo eskaintza erakusteko aukera emango diete urtean zehar, Eskualdeen Txokoa, hamar hilabete, hamar eskualde egitasmoaren barruan. Eta, egitasmo berria abian jarriz, Urola Erdia izango da eskaintzeko duena Donostian erakusten aurrena, bihar hasita, astebetez.

Turismo kulturala, gastronomia, natura, museoak, kirol ekitaldiak, festak... Urola Erdiak eskaintzeko duena ikusgai izango da, horrenbestez, datozen egunetan Donostian. Baita 2017rako eskualdeko turismoa sustatzeko prestatu dituzten berrikuntzak ere.

Edonork izango du bulegora joan eta Urola Erdia ezagutzeko parada. Aparteko hitzorduak ere antolatu dituzte, ordea: ostiralean bertan, 18:00etan, sektoreari aurkeztuko diote eskualdea; gainera, otsailaren 4an, haurrei zuzendutako Ekain Abentura tailerra egingo dute Bulebarrean, 12:00etan.

Gipuzkoarrei eta, bereziki, donostiarrei zuzenduta

Atzo, osteguna, aurkeztu zuten egitasmoa Maite Cruzado Turismoko zuzendariak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Jesus Mujika Iraurgi Berritzenen turismo ataleko zuzendariak eta Cristina Iturriagagoitia Explore San Sebastian Region bulegoko zuzendariak.

Urola Erdiarekin estreinatuko duten Eskualdeen Txokoa, hamar hilabete, hamar eskualde egitasmoa gipuzkoarrei eta, bereziki, donostiarrei zuzenduta dagoela azpimarratu zuten. "Ekimen honen bidez donostiarrak lurraldearen gainerako lekuetara mugiarazi nahi ditugu. Izan ere, Gipuzkoako eskualdeek eta herriek azken hamarkadetan egin duten ahaleginak emaitza oso interesgarriak eta baliabide oso erakargarriak ekarri ditu. Gipuzkoako kostaldea ezaguna eta estimatua da, baina orain gure eskaintzari beste herri eta hiri batzuk gehitu nahi dizkiogu; tradizio turistikorik izan ez badute ere, gaur egun bisita harrigarri eta desberdina eskaintzen dutenak”, azaldu zuen Cruzadok.

"Gipuzkoaren esentzia"

Urola Erdia "Gipuzkoaren bihotz berdea" eta "Gipuzkoaren esentzia" zela adierazi zuen, berriz, Eneko Etxeberriak. "Ederraz gain aberastasun kultural eta natural handiak ditugu eta gure eskualdeko ondarea ere izugarria da", esan zuen. Azpeitiko alkatearentzat, "parekorik gabeko eskualdea izateko bi sekretu" ditu eskualdeak, jendea eta ekonomia. "Mimoz eta dedikazioz zaintzen dugu industria, horrek lanbagezia tasa baxuak izatea eta bizi kalitate altua izatea ahalbidetzen ditu. Eta turismoa aspalditik bada ere Loiolan edo Zestoako bainuetxean, duela urte gutxitik hona hasi gara bisitariak gurera erakartzeko serio lanean. Gure bailan ederki dakigu bizitzaz gozatzen: gure kultura, identitatea, izaera, festak.... Merezi du gure bailara eta herritarrak ezagutzera etortzeak", esan zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide