Frustrazioak agerian, 'Jainko Basatia' antzezlanean

Uztarria.eus 2017ko urt. 27a, 11:03

Gaur, ostirala, eskainiko dute Jainko Basatia komedia romantikoa Soreasu antzokian, 22:00etan hasita. 

Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Mikel Laskurain eta Tessa Andonegi aktore ezagunak Soreasu antzokiko oholtzara igoko dira gaur, ostirala, Txalo produkzioaken Jainko Basatia komedia romantikoa eskaintzeko. 

Obraren tramari dagokionean, bi bikote ezkondu elkartuko dira, beraien seme-alaben arteko liskarrak konpontzeko asmotan. Giza legez eta edukazio handiz hasi den bilerak beste bide bat hartuko du, elkarri kristorenak eta bi esaten hasten direnean. Iskanbilaren erdian bataren eta bestaren frustrazioak eta miseriak agerian geratuko dira. 

Aitziber Garmendia Aneren paperean ariko da. Banketxeko langilea da Ane, eta emakume lasaia dirudi, alkoholaren aparretan murgiltzen den arte. Mikel Losadak hezurmamituko duen Alex, Aneren senarra da. Arrakasta handiko abokatua da Alex, zintzoa, adarjotzailea eta mugikorrik gabe galduta dabilen horietakoa. Obrako beste bikotea Mikel Laskurain eta Tessa Andonegik pertsonifikatzen dituzten Xantik eta Veronikak osatzen dute. Xanti burdingilea da, lasaia, eta emaztearen gonapean bizi dena, bileran zehar lehertzen den arte, Veronika, berriz, kultura handiko etxekoandra aurrerakoia da. Trago pare bat hartuz gero erresumindu egiten da, bere frustrazio guztiak azaleratuz. 

Antzerki obrak 90 minutuko iraupena izango du, eta sarrerak aurrez salgai daude kulturaz.eus webgunean, 8 eurotan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide