Taldearen 50 urteak ospatzeko kontzertua eskainiko du Oskarbik, Soreasun

Uztarria.eus 2017ko otsailaren 2a

50 urte bete ditu Oskarbi musika taldeak, eta hori ospatzeko kontzertuak eskaintzen ari da Euskal Herriko hainbat txokotan. Oraingoan Azpeitian dute hitzordua, zapatuan, Soreasu antzokian.  

Oskarbi taldeak 50 urte bete ditu. 1966ko Eguberritan hasi zen kantuan, eta orduztik oparoa izan da bere ibilbide musikala. Mendira naiz diskoa da taldearen azken lana, hamaikagarrena, eta hori aurkeztuko dute Soreasu antzokian, zapatuan, 22:00etan hasita. 

Azken diskoko kantuez gain, urteak atzera egin, eta abesti zaharrak ere eskainiko dituzte, Oskarbi zaharra eta Oskabi berria uztartzen. 

Azpeitian lehen aldiz 1972an kantatu zuten, baina 1973an, 1974an, 1975an eta 1979an ere izan zen Oskarbi herrian. Lau urtez Ez Dok Amairuko partaide izan ziren (1967-1971) eta hamaika disko plazaratu dituzte, sei binilo eta bost disko. 

Kontzerturako sarrerak salgai daude kulturaz.eus webgunean, 8 eurotan.  

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide