Usadio zaharrari jarraituz, santaeskean irtengo dira ikastetxeetako ikasleak bihar

Uztarria.eus 2017ko ots. 2a, 14:20

Zapia lepoan eta makila eskuan, Santa Ageda bezpera ospatuko dute bihar Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Iraurgi Ikastetxean, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Urola Ikastolan.

Bihar, otsailak 3, Santa Ageda bezpera ospatuko dute herriko ikastetxeetan, usadio zaharrari jarraituz. Zapia lepoan eta makila eskuan, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, goiz partean, bertako ikasleek eta Urola Ikastolako ikasleek, koplak abestuko dituzte.

Urola Ikastolako DBH 1. mailako ikasleak, aldiz, goizean kalera aterako dira herriko txoko ezberdinetan koplak abestera. Aurrena, Karmelo Etxegarai ikastolara (perdilegiko eraikinera) joango dira, eta han Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleei hainbat kopla abestuko dizkiete. Ondoren, bi taldetan banatuko dira. Talde bat Foruen Ibilbidean eta udaletxe inguruan arituko da kantuan, eta jarraian alde zaharretik kalejira egingo dute. Bigarren taldea, aldiz, sanjuandegi ingurura joango da, eta Karmelo Etxegarai ikastolan (Euskal Herria kaleko eraikinean), Eroskin, Urbitarteko plazan eta Jose Antonio Agirre plazan arituko dira koplak kantatzen. 12:15ean anbulatorioan elkartuko dira guztiak, denak batera abesteko.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, berriz, 15:00etan, DBH3 eta DBH4ko ikasleek Loiola inguruan jardungo dute konplatan. 16:30ean, Haur Hezkuntzatik hasi eta DBHra bitarteko ikasleek ikastolako atarian koplak abestuko dituzte.

Iraurgi Ikastetxeko ikasleak goizean zein arratsaldean arituko dira santaeskean. Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6.mailakoak 12:15ean jolastokira jaitsiko dira Santa Ageda bezpera ospatzera. Lehenengo, 5.mailakoak, beraiek sortutako koplak abestuko dituzte. Ondoren, Santa Agedako betiko bertso tradizionalak abestuko dituzte maila guztietako ikasleek elkarrekin. Arratsaldean, berriz, Haur Hezkuntzakoek eta Lehen Hezkuntzako 1 eta 2. mailakoen txanda izango da. 16:30ean jolastokian elkartuko dira ikasle eta irakasleak Santa Ageda bezperako koplak abesteko. Izara batekin eskean ibiliko dira ikustera etorritako gurasoek botatako gozokiak biltzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide