Santa Ageda bezpera giro ederrean ospatu dute herriko ikastetxeetako ikasleek

Uztarria.eus 2017ko ots. 3a, 18:16

Eguraldia lagun, eta egun bat aurreratuta, Santa Ageda bezpera ospatu dute Iraurgi Ikastetxean, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Urola Ikastolan eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, usadio zaharrari jarraituz. Txapelak eta makilak hartzen aurrenak Karmelo Etxegaraiko ikasleak izan dira, eta hainbat kopla abestu dituzte goizean zehar ikastetxeko jolastokian, Urola Ikastolako ikasleekin batera. Ondoren, Urola Ikastolako DBH1eko ikasleak Sanjuandegiko eta Alde Zaharreko kaleetan zehar ibili dira santaeskean, bi taldetan banatuta, eta elkarrekin elkartu dira 12:15ean anbulatorioan, guztiak batera abesteko. 

Iraurgi Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6.mailako ikasleak ere jolastokira jaitsi dira 12:15ean, eta han LH5eko hainbat ikaslek beraiek sortutako koplak abestu dituzte, bertaratu diren gurasoekin batera. Arratsaldean, aldiz, Haur Hezkuntzakoek eta Lehen Hezkuntzako 1 eta 2. mailakoen txanda izango da. Horiek 16:30ean dute hitzordua jolastokian. 

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleek, berriz, arratsaldean ospatu dute Santa Ageda bezpera. 15:00etan, DBH3 eta DBH4ko ikasleek Loiola inguruan aritu dira konplatan. 16:30ean, Haur Hezkuntzatik hasi eta DBHra bitarteko ikasleek ikastolako atarian koplak abestu dituzte. Horrez gain, bihar ere txapelak eta makilak hartu, eta trikitilari eta bertsolariekin santaeskean irtengo dira. Horretarako 19:00etan jarri dute hitzordua Sanagustin kulturgunean. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide