Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea Europako Parlamentuan da atzotik, udal administrazioen enplegu politiken inguruko jardunaldietan parte hartzen. Atzo arratsaldeko saioan, Etxeberriak Azpeitiko Udaletik abian jarritako garapen ekonomikorako politikak eta horiek emandako emaitzak azaldu zituen. Azpeitiko EH Bilduk azaldu duenez, Etxeberriak Udaletik zein Iraurgi Berritzen bailarako garapen agentziaren bidez abian jarritako proiektuak eta ekimenak azaldu zituen. Ideia horren baitan, "elkarrekin eskualdea eraikitzen" filosofia azpimarratu nahi izan zuela esan du EH Bilduk.
Horrez gain, industriaren beharra eta azken urteotan Azpeitian ekonomia arloan abian jarritako ekimenak izan zituen hizpide Etxeberriak. Lanbageziaren datuak "askoz hobeak" badira ere, langabetu bakar bat ere "onartu ezin" dela esan zuen Azpeitiko alkateak atzoko hitzartzean. Hala, "kalitateko enplegua" sortzea "lehentasunezko" lana dela azpimarratu zuen Etxeberriak.
Enpleguaz eta ekonomiaz gain, Azpeitiko eskubide sozialak bermatzeko politiken inguruan ere aritu zen Eneko Etxeberria. Besteak beste, etxebizitzak alokatzeko laguntzak, formaziorako eskaintza, Udal laguntzak, formaziorako bekak eta Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen berri eman zuela jakinarazi du Azpeitiko EH Bilduk.
Bestalde, Azpeitiko udal gobernantza ereduaz ere jardun zuen Etxeberriak, eta "herritarrei eskainitako elkarlan akordio berriaren ezaugarriak" aipatu zituen.
Azpeitiko esperientziaz gain, Alemaniako, Belgikako, Normandiako, Portugalgo eta Italiako hainbat udaletako esperientziaz ere aritu ziren jardunaldietan.