Karnabalak 2017

Karnabal giroan murgiltzen hasteko prest

Uztarria.eus 2017ko ots. 16a, 15:17

Ezkerretik eskubira, Ainhoa Salegi eta Xabier Aldalur Bertaneko kideak, Udal Musika Bandako Unai Frantzesena eta Adela Arzuaga, Mikel Ibarzabal Festa batzordeburua eta Mikel Odriozola Zezen Beltzeko kidea.

Aurten ere egitarau oparoa prestatu du Festa Mahaiak karnabaletarako. Besteak beste, kaldereroak, musika bandaren kontzertua, txu-txu trena, Go!azen ikuskizuna, sokamuturra eta mozorro lehiaketa izango dira datozen egunetan herrian. Azpeitiarrak karnabal giroan murgiltzeko pronto daude dagoeneko. 

Dagoeneko izango da karnabaletarako atzera kontua egiten hasi den azpeitiarrik, eta ez da arraroa, ez baita apenas falta aurtengo inauterietarako. Azken hilabeteetan gogor aritu da antolaketa lanetan Udaleko Festa Mahaia, eta gaur, osteguna, eguerdian atera dute argitara aurtengoan prestatu duten egitaraua. Berrikuntza bezala, otsailaren 25erako txu-txu trena antolatu dute. Bestalde, umeen mozorro desfilearen ostean gaztetxoentzat kantaldia prestatu dute. Udal Musika Bandak, aldiz, pintxo poteo musikatua eskainiko du Ostegun Gizenean, Alde Zaharreko tabernetan zehar.

Urteroko ohiturari jarraituz, datorren zapatuan iritsiko dira kaldereroak Azpeitira, eta Alde Zaharreko kaleetan barrena ibiliko dira, zartagina eskutan bazterrak alaitzen. 19:00etan hasiko da konpartsaren kalejira, Arana Goikotik, eta handik San Martin egoitzara mugituko dira. Mikel Ibarzabal festa batzordeburuak azaldu duenez, "oso gustura" daude azken urteetan kaldereroek izan duten erantzuna ikusita: "Orain dela 10-12 urte inguru hasi den Udala kaldereroak antolatzen, eta urte batzuetan parte-hartzeak beherakada jasan bazuen ere, berrigo goraka doa, eta oso gustura gaude".

Igandean, berriz, Udal Musika Bandak karnabaletako kontzertua eskainiko du Sanagustin kulturgunean, 13:00etan hasita. Azpeitiko karnabaletako abestiak izango dira protagonista kontzertuan, eta musikaren doinuak irudiekin janzteaz Azpeitiko Argazki Elkartea arduratuko da. Hala, kontzertuak irauten duen bitartean argazki elkarteko kideek karnabaletan hartutako irudien proiekzioa eskainiko dute. Ahotsak jartzeaz, berriz, Julian Barrenetxea abesbatza arduratuko da. Adela Arzuaga Udal Musika Bandako kideak herritarrak bertara gerturatzera animatu ditu.

Aste honetakoak motorrak berotzen joateko hitzorduak dira, baina hurrengo astean lehertuko da festa. Ostiralean, hilaren 24an, euskal inauterien jaialdia egingo dute Azpeitiko Ikastola Ikasberrik antolatuta. Zapatuan, berriz, Go!azen ikuskizuna eskainiko dute Soreasu antzokian, 11:00etan eta 13:00etan. Horrez gain, txu-txu trena izago da plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era, Bertan Merkatari Elkartearen eta Udalaren eskutik. Ainhoa Salegi Bertaneko kideak eskerrak eman dizkio Udalari, "elkarlanean halako proiektuak posible egiteagatik".

Sokamuturrak ere ordu asko beteko ditu karnabaletan. Mikel Odriozola Zezen Beltz elkarteko kideak azaldu duenez, guztira sei irteera egingo dituzte, bost helduentzat eta bat gaztetxoentzat. Irteera horietan guztietan, "herritarrek zezenaz gozatu dezatela, baina kontuz ibili daitezela", adierazi du Odriozolak. Bestalde, herritarrak karnabalei bukaera emateko suzko zezenean, haur eta helduak sokarekin irten eta sokamutilei laguntzera animatu nahi dituzte herritarrak. 

Karnabaletako egitaraua osorik, hemen:

Otsailak 24, ostirala: 

  • 18:30ean Euskal inauterien jaialdia.

Otsailak 25, zapatua:

  • Go!azen ikuskizunaren emanaldia, 11:00etan eta 13:00etan Soreasu antzokian.
  • 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era Txu-txu trena.
  • 16:00etatik 20:00etara haur parkea, plazan. 

Otsailak 26, Elegante Eguna: 

  • 09:00etan: Izarraitz Txistulari Taldearen diana.
  • 11:30ean: Udal Musika Bandarekin eta Incansables txarangarekin, diana.
  • 12:00etan: XXXVIII. Sokamuturra argazki lehiaketa, Imanol Elias Saria, Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta. 
  • 12:00etan: Sokamuturra.
  • 12:30ean: Eleganteen pasiera eta Itsasikoen artzai-inudeen kalejira, danbor-joleekin eta San Sebastian eguneko danborradaren karrozarekin. Juan Antxieta Musika Eskolako txistulariak eta Incansables txaranga ere kalez kale ibiliko dira.
  • 12:30etik 15:00etara:  Incansables txaranga, kalez kale.
  • 16:30ean: Sokamuturra.
  • 19:00etatik 23:00etara: Eonian elektrotxaranga, kalez kale.
  • 19:30etik 23:30era: Gau-Erdi txaranga, kalez kale.

Otsailak 27, Astelehen Karnabala: 

  • 11:00etan: Sokako zezena Erdikalean eta zezen txikiak eta poniak plazan.
  • 12:30ean: Haurren mozorro desfilea, Banda Gaztearekin, txilibiteroekin, erraldoi eta buruhandiekin, eta musika eskolako trikitilariekin. Bukaeran, plazan, jolasak eta gozokiak eta gaztetxoentzat eta kantaldia Kanta Kolore taldearekin.
  • 16:15ean: Zezenaren irteera girotzeko, Izarraitz Txistulari Taldeak eta Udal Musika Bandak hainbat doinu joko dituzte. Ondoren, Izarraitz Txistulari Taldeak zezenak egingo duen ibilbide bera egingo du, kalerik kale txistua joz.
  • 16:30ean: Sokamuturra.
  • 17:00etan: Haurrentzako tailerrak, Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 19:30ean: Udal Musika Bandaren eta Urolatarrak txarangaren kalejirak.
  • 23:00etan: Bide batez taldearen dantzaldia, plazan. 
  • Gauerdian: Itsasiko Ttuntturroak, kalez kale.
  • 01:30ean: Mozorro lehiaketaren sari banaketa, udaletxean.
  • 02:00etan: Los Pasai txarangaren emanaldia eta Bricadeira perkusio taldearen emanaldia kaleetan zehar.

Otsailak 28, Astearte Karnabala:

  • 06:15ean: Udal Musika Bandaren diana.
  • 06:45ean: Zezenaren irteera Izarraitz Txistulari Taldeak eta Udal Musika Bandak gidatuta.
  • 07:00etan: Sokamuturra.
  • 12:00etan: Banda Gaztearen kalejira.
  • 16:00etan: Umeentzako jolasak eta parkea Olazko Andre Mariaren plazan.
  • Irulitza txaranga, kalez kale.
  • 16:30ean: Sokamuturra.
  • 20:00etan: Karnabalei amaiera emateko, suzko zezena plazan, Irulitza txarangaren laguntzarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide