Geroz eta gutxiago falta da aurtengo karnabaletarako, baina festa giroa nabari da Azpeitian. Izan ere, karnabal giroan murgiltzen hasteko kaldereroek urteroko bisita egin dute gaur, otsailak 18, herrira. Ehundik gora lagun, haur, gazte zein heldu, Azpeitiko kaleetatik ibili dira Trapu Zaharrak eta Kalderero martxa abesten. Arana kaletik abiatu da kalderero konpartsaren kalejira eta handik San Martin egoitzara joan dira. Bertan zartaginak astindu ostean, Alde Zaharreko kaleetatik pasatu eta herriko plazan amaitu dute ibilbidea. Jende ugari gerturatu da plazara zein kalera kaldereroen kalejira ikustera. Beste urte batez giro ederrean aritu dira kaldereroak abestu bitartean zartaginei mailuekin kolpe egiten, Musika Bandako kideek eta Juan Antxieta musika eskolako kideek lagunduta.
Karnabaletarako motorrak berotzen ari dira azpeitirrak, eta bihar beste hitzordu bat dute. Udal Musika Bandak urteroko karnabaletako kontzertua eskainiko du Sanagustin kulturgunean, 13:00etan hasita. Azpeitiko karnabaletako abestiak izango dira protagonista kontzertuan, eta musikaren doinuak irudiekin janzteaz Azpeitiko Argazki Elkartea arduratuko da. Hala, kontzertuak irauten duen bitartean argazki elkarteko kideek karnabaletan hartutako irudien proiekzioa eskainiko dute. Ahotsak jartzeaz, berriz, Julian Barrenetxea abesbatza arduratuko da.