Hogei hitz berri azpeitiarron hiztegian

Hiztegi bateko irudia.

Markak hautsi genituela kontatu genizuen joan den astean, eta ez da gutxiagorako. Kalkuluak atera ditugu gure webgunearen atariak eskaintzen dizkigun datuak erabilita, eta 270 bisita inguru izan ohi ditu astean gure hiztegiak. Hori gutxi balitz, gure helbide elektronikoan 75 ekarpen jaso ditugu hasi ginenetik hona. Nekez imagina genezakeen egitasmoak halako harrera izan zezakeenik. Azpeitiarrok hiztegi aberatsa eta anitza dugunaren seinale dira egin dizkiguzuen ekarpenak, eta egitasmoarekin aurrera jarraitzeko gogoa ematen digu horrek!

Astero bezala, jasotako hitz guztietatik batzuk aipatuko dizkizuegu:

Arabakiye: petatxue.

Kartutxerie: estutxie.

Mikie/mixkiñe: jaten exkaxa.

Paxira jun/paxiran in: pasieran.

Txiti añe jan: gutxi jan.

Hitz hauekin eta hiztegian sartu ditugun beste hogei hitzekin egindako esaldiak gure webgunean dituzue, beti bezala.

Bestetik, aipatu nahi dugu ari garela dagoeneko tabernetan jarriko ditugun itxulapikoak prestatzen, zuen hitz gehiago jaso ahal izateko. Ohar bat ere zabaldu nahi dugu: ekarpenak pilatzen ari zaizkigu, eta hiztegian sartu aurretik galbahea pasatzen dugu. Behin hitzak onartuta, itxaron zerrendan sartzen ditugu, denak batera sartzea ez baitugu nahi. Beraz, litekeena da hitzak berehalakoan ez ikustea hiztegian, apurka-apurka joango gara hitzak sartzen.

Zuek, bitartean, jarraitu gure ondarea indartzen!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide