Karnabalak 2017

Mozorroak

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Arruti 2017ko ots. 23a, 14:38

Gainean ditugu gure herri honetan ihauteriak. Urteroko moduan aukera bikaina izango dugu parrandarako, eta, bide batez, mozorrotzeko. Elegante Egunak ate gutxi irekitzen dizkio originaltasunari, beraz, astelehen gaua aprobetxatuko dugu hainbeste denboran buruan izan dugun pertsonaia, gauza edo animalia gisara jantzita kalera ateratzeko.

Ziurrenik ia denok aukeratua izango duzue mozorroa, baina oraindik ere izango da erabakia azken ordurako utzi duenik. Horientzat zenbait gomendio ematera ausartuko naiz, erabilgarriak egingo zaizkielakoan:
Hasteko, gogoratu nahi nuke ipar hemisferioan bizi garela. Gurean tamalez, ihauteriak neguan izaten dira. Badakit oso tentagarria dela Adan eta Eva, Hawaiako tribu bateko kide, Doritosen tamainako bikiniarekin eta abar janztea, baina agian ez da egokiena. Azken finean, Osakidetza zerbitzu publikoa da, denon artean ordaintzen duguna, eta badute nahikoa lan aurten gripearekin. Ondorioz, hotzari eta behar bada euriari aurre egiteko moduko mozorroak aukeratu.

Aurten jende ugarik Donald Trumpen mozorroa aukeratuko du. Originaltasuna bada bilatzen duzuna, alde batera utzi beharko duzu AEBtako presidentearen aukera. Hala ere, politika munduan baduzu aukera ugari. Zure helburua inork ez ezagutzea bada, UPYDko edonor duzu aukera ona. Kuadrilako liderra izatea nahi baduzu, baina zure lagunek ez badizute kasorik egiten, Patxi Lopez izan zaitezke. Betidanik esan badizute irribarre polita duzula EH Bilbuko norbaiten aldeko hautua egin beharko zenuke. Euskadiren Autogobernuak zer esan nahi duen zehatz mehatz badakizu, zalantzarik gabe EAJko kideren bat aukeratu ezazu.

Azketako iturria

Urtean zehar herri inguruan gertatu den zerbaitetan oinarrituta mozorrotzea baduzu gustuko, aurten zure aukera Azketako iturriko Jesusen Bihotzaz mozorrotzea izan daiteke. Edo-eta Azketako iturrian Jesusen Bihotzaren ordez jarri zuten lauburuaz. Edo-eta Azketako iturriaz, baina irudirik gabe.  Modan dagoen arren, aukera originala iruditzen zait Lapiku Otsoyakiz janztea. Ez otsozeta ez lapikuz, baizik Lapiku Otsayakiren 2 pegatina 2x2 metroko tamainan inprimatu (ahal bada laneko inpresoran) eta bat aurretik eta bestea atzetik isatsi. Animalia zalea bazara, aukera oso ona da tabernetan lekua egiteko trikuz mozorrotzea. Gauza garrantzitsua da parrandara atera eta tabernetan sartu ahal izatea. Honela, kontuan izan beharko dituzue tabernen ateek dituzten neurriak mozorroa aukeratzerakoan. 

Azkenik, oso garrantzitsua da, mozorroa edozein delarik ere, komunera joandakoan oztopo gutxi jarriko dituzten objektuak jartzea soinean. Nahikoa ohikoa da gaua aurrera doan heinean komunera joateko beharra areagotzea; gainera, habileziak ere murrizten joaten dira orduekin batera.  
Irrikaz nago Astearte Karnabal goizeko dianan, beste behin, ehunka pertsona herriko musika bandaren atzetik elkartzeko. Hementxen dala!

(2017ko otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide