Karnabalak 2017

"Karnabaletan ere festa libre eta seguruen alde" aritzeko deia egin du Udalak

Uztarria.eus 2017ko ots. 24a, 16:58

"Gogorarazi nahi dugu, eraso sexistek eta matxistek ez gurean eta ez guretik kanpo ez dutela lekurik. Azpeitiaz eta Azpeitiko festez denok gustura eta seguru sentituz gozatzea nahi dugu", adierazi du Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak. Balizko erasoen lekukoie "aktiboki erantzuteko" eskatu diete.

"Norbere askatasunaz neurrian gozatzeko eta ondokoari festez lasai gozatzen uzteko" eskatu die herritarrei Azpeitiko Udalak, Karnabal festen atarian. Azken egunotako gertaerak kontuan izanda, "karnabaletan ere festa libre eta seguruen alde" aritzeko eta "giza eskubide guztiak errespetatzeko deia" egin du Udalak.

"Gogorarazi nahi dugu, eraso sexistek eta matxistek ez gurean eta ez guretik kanpo ez dutela lekurik. Azpeitiaz eta Azpeitiko festez denok gustura eta seguru sentituz gozatzea nahi dugu", adierazi du Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak. "Mota guztietako eraso sexistei buruz" ari dela azpimarratu nahi izan du Etxanizek: bortxaketak, umilazioak, irainak, mehatxuak, eta abar. "Nahiz eta eraso horiek gehien bat emakumeek pairatzen dituzten, azpimarratu nahi dugu genero arauak betezen ez dituzten kolektiboen kontrako erasoak ere baztertu egiten ditugula", gaineratu du.

Lekukoei deia, "aktiboki erantzuteko"

"Egoera askoren aurrean lehen pausoa ematea zaila dela jakinda ere", balizko erasoen lekukoie "aktiboki erantzuteko" eskatu diete udal arduradunek. "Giza eskubideen urraketen kasuen aurrean ekiteko deia egin nahi dugu. Biktimak babestu eta erasotzaileak baztertu behar ditugu. Erasotzaileari aurre egiteko aukerarik ikusten ez den kasuetan, Udaltzaingora jo edo Ertzaintzarekin harremanetan jartzeko eskatzen diegu erasoen testigu guztiei", esan du Eneko Etxeberria alkateak.

943151313 da Udaltzaingoaren telefono zenbakia; eta 112, larrialdi zerbitzuena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide