Atzo, ostirala, hasi ziren Azpeitiko karnabalak euskal inauterien jaialdiarekin, eta gaur, zapatua, herriko gaztetxoenek jarraipena eman diote festari, eguraldia lagun. Goizean, Go!azen ikuskizunaren bi emanaldi eskaini dituzte Soreasu antzokian, bata 11:00etan eta bestea 13:00etan. Bi emanaldietan goraino bete da antzokia, eta kantu eta dantza, ederki gozatu dute bertaratu diren gaztetxoek zein beren gurasoek. Horrez gain, txu-txu trenean herritik bidaia laburrak egiteko parada egon da goiz partean.
Arratsaldean, berriz, haurrentzat jolas parkea jarri dute plazan, eta dozenaka lagun hurbildu da bertara, jolas ezberdinetan ibili eta arratsalde ederra pasatzera. Bertan Merkatari Elkarteak eta Udalak antolatuta, arratsaldean ere txu-txu trenean ibiltzeko aukera izan da. 19:30ak arte egongo da martxan txu-txu trena.
Ordu gutxi batzuk besterik ez dira falta Elegante Egunerako, eta izango da dagoeneko trajeak eta jantziak armairutik atera dituenik, baita azken uneko prestaketekin dabilenik ere. Bihar, 09:00etan Izarraitz Txistulari Taldearen diana izango da eta 11:00etan Udal Musika Bandarekin eta Incansables txarangarekin, diana. 12:00etan, aldiz, sokamuturra izango da, eta 12:30ean Itsasiko artzai-inudeen kalejira. 16:30ean sokamuturra izango da berriro eta 19:00etatik 23:00etara Eonian Elektrotxaranga ibiliko da kalez kale, giroa alaitzen.