Azpeitia mozorroz bete da Astelehen Karnabal eguerdian. Umeen desfile luze eta jendetsuak hartu ditu Alde Zaharreko kaleak eta plazak; eguraldi bikainak lagunduta, kalejira ia amaigabea osatu dute umeek eta haiekin batera mozorrotu diren gurasoek. Bandaren eta bozgorailuetatik entzuten zen musikaren erritmora ibili dira ehundaka lagun. Zirkoa, sukaldariak, diskoteka, hegazkinlariak... Mozorro asko eta askotarikoak ikusi dira aurten ere desfile koloretsuan. Kalez kale ibili ondoren, plazan bukatu da desfilea eta. Han sartzerako ume bakoitzak eskuetan zuen ohiko gozoki zorroa, eta hango goxoak janez jarraitu dute festan, Kantu Kolore taldekoen doinuak abestuz eta dantzatuz.
Egitaraua
Sokamuturrak eta helduen mozorro festak hartuko dute lekukoa ordu batzuk barru Astelehen Karnabaleko jai egitarauan. Hona hemen, gaurko eta biharko egitaraua:
- 16:15ean: Zezenaren irteera girotzeko, Izarraitz Txistulari Taldeak eta Udal Musika Bandak hainbat doinu joko dituzte. Ondoren, Izarraitz Txistulari Taldeak zezenak egingo duen ibilbide bera egingo du, kalerik kale txistua joz.
- 16:30ean: Sokamuturra.
- 17:00etan: Haurrentzako tailerrak, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 19:30ean: Udal Musika Bandaren eta Urolatarrak txarangaren kalejirak.
- 23:00etan: Bide batez taldearen dantzaldia, plazan.
- Gauerdian: Itsasiko Ttuntturroak, kalez kale.
- 01:30ean: Mozorro lehiaketaren sari banaketa, udaletxean.
- 02:00etan: Los Pasai txarangaren emanaldia eta Bricadeira perkusio taldearen emanaldia kaleetan zehar.
Bihar, asteartea:
- 06:45ean: Zezenaren irteera Izarraitz Txistulari Taldeak eta Udal Musika Bandak gidatuta.
- 07:00etan: Sokamuturra.
- 12:00etan: Banda Gaztearen kalejira.
- 16:00etan: Umeentzako jolasak eta parkea Olazko Andre Mariaren plazan.
- Irulitza txaranga, kalez kale.
- 16:30ean: Sokamuturra.
- 20:00etan: Karnabalei amaiera emateko, suzko zezena plazan, Irulitza txarangaren laguntzarekin.