Atzo, martxoak 1, hasi zen Errigorako elikagaiak eskuratzeko ikasturte honetako bigarren kanpaina, eta hilaren 14an amaituko da. Oraingoan, Nafarroako hegoaldeko nekazariek kooperatibetan antolatuta ekoitzi dituzte olio poteak eta kontserbak eskuratzeko aukera izango da. Bi eskaerak orain egin beharko dira (bai olioarena, bai kontserbena), baina jaso aparte egingo dira, uzta garaiaren arabera. Olioa apirilaren lehen astean banatuko da eta kontserbak, berriz, ekainaren lehen astean.
Honako leku hauetan eskatu daitezke olioa zein kontserbak, eskera orriak beteta:
- Orkatz
- Sanagustin kulturgunea
- Azpeitiko Ikastola Ikasberri
- Gazte Informazio Bulegoa (GIB)
- Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai
- Urola Ikastola
- Soreasuko Elkargunea
Olioen eta kontserben xehetasunak
Bost litroko olio ekologiko poteak 34 euro balio ditu eta bost litroko extra birjina konbentzionalak, berriz, 23 euro. Olioaz gain, beste produktu batzuk (kontserbak) eskuratzeko aukera ere badago aurten, ekologikoak eta konbentzionalak. Pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak, barazki menestra, potxak, tomate-frijitua eta kremak izango dira eskatu daitezkeenak.
Prezioak eta zehaztasun guztiak Errigoraren webgunean daude argitaratuta, eta eskariak egiteko aukera ere badago.